Zergatik ez eman oniritzia 3.033 lanpostuko LEP bati?

2017ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
ELAk ekainaren 20an aldebiko bilera izan zuen Osakidetzako zuzendaritzarekin; bertan, ekainaren 23ko Mahai Sektoriala prestatu genuen. Bilera horretan zuzendaritzak jakinarazi zigun sindikatuokin akordiorik izan ez arren ostiral horretan 2016-2017 lan eskaintza publikoaren (LEP) negoziazioa bukatutzat emango zuela eta 2.800 lanpostu eskainiko zituztela.

Zer gertatu da Osakidetzan horrelako lanpostu eskaintza bat egiteko? 2014an 507 lanpostuko LEPa eskaini zuen Osakidetzak. Oraingoan, dezente handiagoa izan da. Hori bai, Osakidetzak ez dio sakoneko prekaritate egoerari aurre egin nahi izan, eta ELAk ez zuen akordiorik sinatzerik horri heldu ezean.

Osakidetzak bere burua zuritzeko beharra sentitu du. Bi fenomenok eraman dute Osakidetza horretara. Lehena, 2013tik hona sindikatu ezberdinek mobilizazio ziklo bat ireki genuen, hainbat greba egun barne, eta gure eskaera nagusia Osakidetzako prekaritatea amaitzea izan da. Pribatizazioen aurkako mobilizazioak ere eragina izan du Osakidetzaren mugimenduetan, LEP batek nolabaiteko enplegu publikoaren defentsa erakusten duelako. Bestetik, Osakidetzako kontratazioa ezbaian dago, ELAk Europa Batasuneko Justizia Auzitegian irabazitako epai baten ondorioz. Epai horren arabera, esan dezakegu momentu honetan Osakidetzan dauden 3.000tik gora langileren kontratuak legez kontrakoak direla, eta behin-behinekoak izan beharrean lanpostu estrukturalak izan beharko liratekeela. Osakidetzak LEP handi bat martxan jartzeko beharra sentitu du, eta hori sindikatuontzat poztekoa da, baina ez da nahikoa.

Tamaina garrantzitsua den arren, ELArentzat garrantzitsuena Osakidetzako prekaritatea amaitzeko bidea diseinatzea zen, eta gutxiengo sindikalarekin ekainaren 23an itxitako akordioak ez dio horri heltzen. Gure ustez, sindikatuon lana ez da Osakidetzak ezarritako marko estua ontzat ematea eta lanpostu gutxi batzuen bidez negoziazio itxurak egitea. Sindikatuak gustatzen ez zaigun errealitatea aldatzeko gaude, eta ekainaren 23an errealitate itsusiena alboratu egin dute.

Osakidetzak emandako datuen arabera, aurtengo maiatzean 19.785 langile finko zeuden bere langileen artean. Osakidetzak berak emandako beste datu batzuen arabera, 2015eko maiatzaren 31ko langile zerrenda 35.371 langilekoa zen, eta hori Osakidetzako egoera arrunta omen da. Hau da, akordio hori ixterakoan behin-behinekotasuna %44koa zen.

15.586 behin-behineko langile horietatik 4.000 inguruk lanpostu estruktural bat betetzen dute; hots, Osakidetzak bere funtzionamendu arrunterako beharrezko dituela onartzen dituen lanpostuak dira. LEPak lanpostu horiek betetzeari erantzun dio bakarrik.

Gainerako 11.000 lanpostuak legez kontrako behin-behineko lanpostuak ala epe laburreko kontratuak dira. Prekaritatea horietan da nagusi. Batetik, iruzurrean dauden langileen kontratuak daude: Europako epaien arabera, Osakidetzako hainbat lanpostu estrukturalak dira, baina behin-behineko kontratu bitartez ezkutatzen dizkigute sindikatuoi eta gizarteari. Langile horiei kontratuak berritzen dizkiete, asko jota, 6 hilabetean behin; askori, 15 egunean behin. Ez daukate inolako segurtasunik. Ekainaren 23ko akordioak ez du inolako konpromisorik ezartzen langile horientzat, egoeraren azterketa bat besterik ez.

Bestetik, Osakidetzaren tamainako enpresa batek beti behar ditu pertsonak momentuko beharrei erantzuteko. Osakidetzako langileen %80 emakumeak dira, eta, gizarte matxista honetan kontziliazio neurriak emakumeen kontura joaten direnez, lanaldi murrizketen kopurua oso handia da. 3000 langilek baino gehiagok eskatu dute murrizketaren bat. Langileen gaixoaldiak edo oporrak betetzeko, ordezkapenak salbuespen egoeretan bakarrik egiten dituzten arren, beste milaka pertsona behar dira egunero. Horren guztiaren ondorioz, Osakidetzak beste milaka behin-behineko langile kontratatzen ditu egunero. Horiek dira egoera okerrenean daudenak. Horietariko batzuek 215 kontratu izan dituzte azken 4 urteetan. Osakidetzak egunero behar ditu bere zentroak ireki ahal izateko, baina ez die inolako segurtasunik ematen.

ELAk argi izan du egoera horretan zein zen bere egitekoa: iruzurrean dauden kontratuen erregularizazioa eta lan baldintza okerrenean dauden langileen duintasuna bermatzea. Prest azaldu gara malgutasunez aritzeko, baina horri heltzen zitzaion neurrian. Osakidetzari galdera sinple bat egin diogu: zein da Osakidetzak bere funtzionamendu arrunterako behar duen langile kopuru erreala eta horietatik zenbati ziurtatuko die Osakidetzak lanpostu finkoa. Ez dugu erantzunik jaso.

Orain, uda hilabeteak datoz, opor garaia. Hainbat tokitan arazo oso larriak daude ordezko langileak topatzeko, bereziki medikuak, eta Osakidetzak bere kontratazio politika aldatzen ez duen neurrian mediku askok kontratu hobeen bila Euskal Herritik alde egiten dute. Nola onar daiteke egoera hori?

Sindikatuaren sinadura ezin da izan Osakidetzak ekidin nahi dituen eztabaidei babesa emateko. ELArekiko akordioa ez zen 200 lanposturen eskaintza gora edo behera jokatzen, Osakidetzan prekaritateari amaiera emateko prozesu baten diseinuan baizik. Helmuga definituta, malgutasun handia eskaini dugu prozesua gauzatzeko, baita epe laburreko Enplegu Eskaintzekin ere, baina norabidea argi izanik.

LEPa konpontzen denean, gutxienez hemendik bi urtera, erretiroa hartu behar duten langileak kontuan izanik, Osakidetzako langile finkoen kopurua ez da 22.000ra iritsiko. Hau da, kasurik onenean ere, behin-behinekotasuna %37,8koa izango da, eta ELA ez dago prest estrategia horri babesa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.