Administrazio Zuzenbidean doktorea eta UC Berkeleyko Comparative Equality and Anti-Discrimination Law ikerketa zentroko kidea

Zero abantailaduna

Leixuri Urrutia Pujana
2026ko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2019an hasi ginen, Iñigo Urrutia Libaronarekin batera, Llengua i Dret aldizkariko euskararen inguruko kronika juridikoa idazten. Hasieran, ia ez genuen kontatzekorik. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza-politikarekin lotutako auzi guztiak irakurtzen genituen, kronika osatzeko adina mamiren bila.

Lehen aldaketa 2021eko amaieran etorri zen, Voxek tokiko erakundeen hizkuntza-araubidearen aurka aurkeztutako auzia aztertu genuenean. Orduan kasu isolatua zirudien. Hurrengo bi urteetan hamar bat auzi aztertu genituen. 2024rako, euskararen inguruko ebazpen judizialak bikoiztu egin ziren, eta orduan hasi ginen «oldarraldi judizialaz» idazten. 2025ean 55 ebazpen inguru aztertu genituen.

Urte horietan guztietan ondorio bera atera izan dugu: funtzio publikoa bihurtu da gatazkaren erdigune. Enplegu publikorako hizkuntza-eskakizunen inguruko auziak etengabe iristen dira epaitegietara, eta bertan jarri dugu arreta, hezkuntza salbu zegoelakoan.

Selektibitatearen inguruko azken autoek agerian utzi dute oldarraldi judiziala hezkuntzara ere iritsi dela. Behin-behineko neurri batek ez du auziaren funtsa ebazten. Epaileak hiru gauza baino ez ditu baloratzen: demandak aurrera egiteko gutxieneko oinarri juridikorik duen, neurria ez hartzeak kalte konponezina eragingo lukeen, eta neurria hartzeak interes orokorrari edo hirugarrenei kalte neurrigabea eragingo liekeen.

Hiru galderetan luze sakondu genezakeen arren, azkenari emandako erantzunari helduko diot nik. Unibertsitatera sartzeko azterketa pertsona guztiak arau berberen arabera ebaluatuko direla bermatzeko diseinatuta dago. Zuzenketa oro balorazio profesional baten emaitza denez, sistemak berak berrikuspena, bigarren zuzentzailea eta, bi puntutik gorako aldea dagoenean, hirugarrena aurreikusten ditu. Prozedura horren arabera erabakitzen da nor sartuko den unibertsitate publikoan.

Ikus dezagun kautelazko neurriaren eragin praktikoa. Demagun ikasle batek 7,5eko batezbestekoa duela gainerako ikasgaietan, eta bostekoa euskaran. Nota hori kalkulatzean, azken kalifikazioak behera egingo du. Baina zer gertatzen da batezbesteko bera izanik zero atera eta epaitegietara jo duen ikaslearekin? Nota hori behin-behinean baztertzen bazaio, batezbestekoari eutsiko dio eta sarrera-zerrendan gorago egongo da. Horra, Euskara gainditu dutenak atzean gera daitezke zerrendetan, epaileek azterketa baliogabetu dien horien mesedetan.

Galdera, ordea, kasu honetatik harago doa. Zergatik euskara, eta ez matematika, historia edo marrazketa teknikoa? Zergatik ez ingelesa edo gaztelania? Nahitaezko irakasgai baten nota alde batera utzi badaiteke, zergatik ez beste edozeinena? Eta salbuespena hedatzen hasten bada, zergatik mantendu sarrera-azterketa bera? Autoaren logikari eutsiz: euskarak unibertsitatera sartzeko baliorik ez badu, zergatik izango du administrazio publikoan sartzeko? Eta ez badu ez batean ez bestean balio, zertarako ikasi?

Erakundeak ez dira egun batetik bestera aldatzen; salbuespen txikien bidez iristen dira aldaketak, banaka hartutako eta behin-behinekoak diruditen erabakien bidez. Denborarekin, ordea, salbuespena arau bihurtzen da. Hizkuntza gutxituen kasuan, logika hori ezaguna da oso: haiek babesteko sortutako neurriak berdintasunaren aurkako oztopo gisa aurkezten dira gero eta sarriago.

Auziaren mamia ebaztean ikusiko da azterketak zuzendu eta berrikusi ote diren sistemak aurreikusitako irizpide eta bermeen arabera.

Selektibitatearen inguruko azken autoek agerian utzi dute oldarraldi judiziala hezkuntzara ere iritsi dela. Behin-behineko neurri batek ez du auziaren funtsa ebazten

Bitartean, lasaitasuna opa diegu, alde batetik, selektibitateko zuzentzaileei; haiek egiten baitute posible unibertsitatera sartzeko sistemak zilegitasunari eustea. Eta lasaitasuna opa diegu, bestetik, euskaran zero atera duten ikasleei ere. Datorren urtean berriro aurkezteko aukera izango dute eta. Zorionez, bizitza ez delako deialdi bakar batean jokoan jartzen.

Baina Euskal Herriko osasun-sistema publikoan mediku (edo, tragedia bitarte, erizain!) jardun nahi badute, euskara ikasi beharko dute. Ez ikastegi erlijioso batean ikastea zigortzeko, herritarrek osasun-arreta beren hizkuntzan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko baizik.

Urte luzez uste izan dugu hezkuntza euskal hizkuntza-politikaren aurkako oldarraldi judizialetik kanpo geratuko zela. Gaur badakigu ez dela hala. Gizarte osoaren ahaleginari esker, egunen batean Llengua i Dret-erako idazten ditugun kronika juridikoak berriro ere gorabehera gutxikoak izango dira, eta ez etengabe hazten ari den auzi-olde baten beste olatu bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA