Zertarako ari dira hiltzen ukrainarrak (eta errusiarrak)?

Edu Iriondo Gonzalez
2023ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Txikitan harritu ninduten ipuinen artean Oihal magikoa dut kuttunenetakoa. Hara: «Behin jostun bat erregegana joan zen eta esan zion, erreinuko urre guztia emanez gero, horrekinmunduko jantzirik ederrena josiko ziola. Hala egin zuten eta, behin lana amaituta, jostunak urrezko soineko miresgarri harekin jantzi zuen erregea, abisatuta erreinuko jende garbiak eta sasikumea ez zenak baino ezin izango zuela ikusi soineko hori. Hala irten zen erregea, bere zaldi ederrenean, harro, menpeko guztiek urrezko oihalez egindako soinekoa mirets zezaten. Denak ziren laudorioak eta bibak, harik eta errementari beltz batek (hala zioen ipuinak) esan zuen arte bera sasikoa izan bazela, baina erregea larru gorritan zihoala».

Ukraina-Errusia gerra horretan inork ez du errementari beltza izan nahi, antza. Izan ere, zergatik hiltzen ari diren argi daukagu, baina zertarako... ezin ozen aitortu, nork zer esango, antza.

Beste istorio benetako bat gogorarazi dit gerra horrek. Gure eskualdean, bere burua komunistatzat aitortzen zuen tipo xelebre batek honela esaten zuen: «Nafarroa Euskadi da. Ospa egin nahi badute, egin dezatela, baina lurraldea gurea da».

Txantxatan zioen? Zati batean, agian. Hala ere, ez dago esaldirik hobeto ilustratuko duenik lurralde integritatearen printzipioaren absurdo demokratikoa eta, esan beharra dago, edozein giza logikaren kontrako pentsaera. Ez dago pentsaera horretatik urrun egun gertatzen dena, lurralde-integritate guztiak ezpataz edo tankez ezartzen jarraitzen baitira. Non eta Europan, demokraziaren eta giza eskubideen habia eta gordelekuan.

Espero genezakeen europar buruzagi edo agintari demokratikoren batek (batek behintzat) edozein demokratak esango lukeena esatea: bale, ukrainarrek ukrainar izaten jarraitzeko eskubidea dute eta euren herria aske eta inoren menpe ez egoteko eskubidea ere bai; baina inork planteatzen al du, gaur egunean, irtenbide moduan, Krimeako bizilagunei edo Donbassekoei ukrainarrak izan nahi duten galdetzea? Edo, hobe esan, ea nola antolatu nahi duten euren bizitza galdetzea? Edo eurak bizi diren komunitatea? Izan ere, zer izan nahi duten jakitea zailagoa da, arlo pribatuari baitagokio.

Ez, ordea; irtenbide hori ez du inork planteatu ere egin nahi orain, antza (ahopetik baino ez dira egin itxurazko saiakeratxo batzuk), besteak beste, askok etxean bekatu bera daukatelako.

Konplikatua omen da geopolitika, baina, zenbaitetan, hartu dugu inpresioa europar agintariek oso jokabide primarioak dituztela, mundu lotsarren hartzen dituztela euren erabakiak, milaka pertsona bizi ala hil baldintzatzen duten erabakiak. Hasierako zalantza batzuen ostean, egunean-egunean hor ari gara denak laguntza militarraren dosia igotzen ukrainar gobernuari, nor baino nor, auzokoak zeresanik izan ez dezan. Nork ukatuko dio, bada, ezer tipo kementsu horri? Nork ez du txalotuko haren kemena? Joño, kementsuak! Prest omen daude herrikideak hiltzera eta erailtzera bidaltzeko, eurenak omen diren lurralde zati batzuk eskuratzeko edo berreskuratzeko. Zeren... errementari beltzak esango lukeenez, 2014tik datorren gerra horretan auzia ez da lurralde batzuetako bizilagunak eta euren bizitzak defendatzea, lurralde horiek norenak diren baino (eta ez bertakoenak prezisamente). Kopla gutxi guri; agerikoa da alde biak egoerak behartzen aritu direla eta ari direla, irtenbidea —edozein dela ere— demokraziaren galbahetik pasa ez dadin.

Eta hala gabiltza. Behin lehen ikaraldia pasatuta, Europak bere aterabideak bilatuko ditu eta Errusiak bereak. Ukrainako gerra beste aldagarri bat izango da plan ekonomikoetan. Eta hala, garaipenaren aritmetika ezmoralarekin, zenbatu egiten dugu hil eta zauritu kopurua: 500.000 inguru bialdeetan, zenbait iturriren arabera. Horietatik 7.200-7.500 baino ez ei dira zibilak. Barkatu, baina egingo nuke 500.000 horietatik gehienak zibilak direla, gerrara joatera behartuak, hiltzera bidalitakoak eta, bizi nahi badute, erailtzera bidalitakoak. Eta, objektiboki, zibilak hiltzea edo hiltzera bidaltzea gerra-krimena da, edozein aldetik begiratzen dela ere. Horixe esango luke errementari beltzak, baina...

Historiak eta zentzunak erakusten dute armadek eta erakunde armatuek ez dutela inoiz negoziatzen irabazi dezaketela sinesten duten bitartean, dena gal dezaketela ikusten dutenean baino. Ukrainaren lurralde nahiak hauspotzen ibiltzea —negoziazioan indartuta sartuko delako esperantzarekin— kontrako efektua lortzen ari da eta lortuko du. Ukrainar eta errusiar gehiago hilko dira. Ia guztiak zibilak. Ez dakit zer egiten dugun europarrok eta gure buruzagiek, ezer irabaztekotan, norbaitek bizilagunik gabeko lurraldeak irabaziko omen dituen gerra bat hauspotzen, bazkatzen, eta... gerra-krimenak onartzen.

Erraza da gerra bat hastea. Badirudi gure piztia-naturak horretara lerrarazten gaituela. Gerra bat amaitzea, kementsuek baino egin ezin duten zerbait da. Non daude kementsu horiek? Non daude bizitzak salbatzearren euren karrera politikoa sakrifikatzeko prest dauden buruzagi demokratikoak?

Madarika ditzagun garaipenera eramango gaituzten buruzagien izenak. Hiltzera eta erailtzera kondenatu dituzten eta behartu dituztenen omenez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.