Zientziei orduak kentzetik harago

2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
J akin?mina eta jarrera kritikoa garatzea da zientzien irakaskuntzaren helburu gorenetako bat. Alfabetatze zientifikoaren oinarriak indartzearekin marrazten dute hezkuntzan beren ikuspegia. Teoriak ongi dioen bezala (ongi ikasitako diskurtsoaren arabera), ikasleak honako hau lortzeko bidean jartzen ditugu: beren gorputza eta ingurunea ezagutu, osasuna mantendu eta hobetu, jarrera kritiko eta arduratsuak hartzeko gaitasuna garatu, kontsumo arduratsua bultzatu, ingurumenaren parte sentitu eta arduraz eta konpromisoz jokatu, inguratzen gaituenarekiko errespetua sustatu.

Zientzietan punta-puntakoa izan nahi duen gizarte batean, Nafarroako Hezkuntza Departamentua D ereduari zientzia orduen murrizte progresiboa ezartzen ari zaio, eta hortaz, ohartuta edo oharkabean, pentsamendu zientifikoa eta kritikoa gutxiesten ari da.

Curriculumean irakasgaiak sartu eta atera egiten dira noizbehinka. D ereduko hezkuntzan Euskara da ibilbidearen bizkarrezurra. Horren ondorioz, ikasleek DBHn beste ikasgai batzuen ordu akademikoak galtzen dituzte (hautagaiak), eta Batxilergoan lau ordu lektibo gehiago egiten dituzte astean.

Aurten DBHko 4. mailan ibilbide zientifiko bat aukeratu arren, Biologia-Geologia eta Fisika-Kimika ikasgaiak hautagai horien barnean sartu dituzte. Batxilergoko zientzien ibilbidea aukeratzen duten ikasleek lan handia egin behar izaten dute jada —DBHn ikasgai hauek lau ordutik hiru ordutara pasa ziren iraganeko LOGSEan—jakintza maila egokia eskuratzeko, eta egun, lege berri honekin, haien ahalegina are handiagoa izan beharko da, DBH etapako azken urtean, astean hiru ordu jaso beharrean bi ordu jasotzera pasatuko baitira.

Ez uste, ordea, egoera horrek gure ikasleria kikiltzen duenik, kanpo-ebaluazio proba eta Unibertsitateko Sarbide Probak, A eta G eredukoen maila berekoak egiten baitituzte, eta jakintza eskakizun maila berberekin. Probon emaitzok baloratzen direnean, ez da inolako bereizketarikegiten D ereduko eta gainerako ereduetako ikasleen emaitzen artean, nahiz eta D ereduko ikasleek DBHko 4. mailan zientzia ordu gutxiago izaten duten.

Zientziarena da txiki-txikitatik darabilgun pentsamolde naturala. Arakatze intuitiboa duen espeziea gara, eta informazio partzial, osatugabe edo faltsuei kontrajartzen zaion gizarte bat eraiki nahi dugu. Edo ez al da horrela?

Hezkuntzaren izaera zientifikoak laguntzen du ikasleen artean izpiritu sortzailea eta ekintzailea hariltzen, ikertzen, esperimentatzen, informazioa bilatzen, alderatzen, galderak sortzen, usteak azaleratzen, frogatzen, kontrastatzen... bakarka nahiz lankidetzan.

Batzuen batzuek pentsa lezakete arestian aipaturiko diskurtsoa ez dela erosoa, eraberritzailea dela eta ekintzetan oinarritzen dela, gezurren aurka nekaezin aritzen dela, egiaren bila temati. Ez al dira horiek hezkuntzak bilatzen dituen bizitzarako funtsezko konpetentziak?

Zein izanen da gure ikasleek oinarrizko irakaskuntza bukatzean izanen duten irteera profilean definitutako funtsezko konpetentzien maila? LOMLOEk Bigarren Hezkuntzan zientzia orduen murrizketa dakar. Nafarroako Hezkuntza Departamentuak momentuz onartutzat ematen duen neurriaren aurrean, erabatekodesadostasun kolektiboa adierazi behar dugu, D ereduko Hezkuntza Sistemari zuzenean eragiten dion diskriminazio bat delako.

Zientzia-arloak ez ezik, beste arlo batzuk ere aterako lirateke galtzen, iraganeko murrizketen ondoren ere galtzen atera ginen bezala; eta, ez badugu ezer egiten, ikas ibilbide ezberdinak (Zientifikoa eta Humanistiko-ekonomikoa) indargabetuko dira.

Arazoaren konponketa, egingarria bezain erraza da. LOMLOEk dio hiru hautazko ikasgai hartu behar direla, ez bi. Bigarren hizkuntza propioa duten beste erkidego batzuetan (Galizia, Euskadi, Katalunia...), amankomuneko ikasgaiei ordu bat jaitsi diete (Gaztelera, Matematika eta Euskara), eta hiru hautazkoak egiteko behar diren hiru orduak hortik atera. Zergatik ez bide berdina hartu?

Bokazio zientifikoak zein jakintza berdintasuna nekaezin defendatu behar dira Skolae linguistikoaren izenean, edo hezkuntza homeostasiaren izenean. Azken finean, ez da berdintasun kontu bat, ekitate kontu bat baizik, ereduok ez baikara abiatzen hezkuntza-errealitate beretik, ezta urrutitik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.