Zinemagintza... arian-arian zehatzen den burdina

2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Zalaparta eragin du Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren gidoi zinematografikoak sustatzeko diru laguntzen 2017ko deialdiaren ebazpenak. Haren harira datoz lerro hauek, ez horrenbeste arrazoia batzuei edo besteei eman edo kentzeko asmoarekin, baizik eta ikus-entzunezkoetarako diru laguntzen eta sorkuntzaren inguruan hausnarketa batzuk eskaintzeko gogoarekin. Izan ere, Handia-k euskal zinearen markak hautsi dituen honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa irizten baitiogu sorkuntzan eta sortzaileengan arreta berezia jartzea, haien eskutik etorriko baitira, etortzekotan, euskal zinemaren egonkortzea eta etorkizuneko loraldi eta uzta berriak ere.

Jarduera konplexua da ikus-entzunezkoa eta, gehienetan, garestia. Sorkuntza/egiletza mota ezberdinek egiten dute topo bertan, eta, normalean, produkzio egitura, azpiegitura, baliabide eta lantalde tekniko esanguratsuak behar izaten dira lanak ondu eta publikoarengana eramateko. Ez da erraza osagai haien guztien artean harremanak behar bezala josi eta orekak ondo gordetzea, are gutxiago orain, digitalizazioaren eskutik etengabe ari direnean aldatzen zinema egiteko, erakusteko eta kontsumitzeko moduak. Baina hortxe dago seguruenik politika egoki baten sekretua eta hura kudeatu behar duten instituzioen ardura, baita haren bueltan bizi diren eragileena ere: errealitatea etengabe aztertu, gabeziak antzeman eta beharrezko aldaketa eta birmoldaketa egokiekin asmatu. Politika kulturaletan zuhurtzia eta pazientzia funtsezkoak diren bezala, etengabeko kritika eta eztabaida ere derrigorrezkoak baitira, bai helburuen gainean baita ezarritako neurrien gainean ere.

Batzuon ustetan, Eusko Jaurlaritzaren ikus-entzunezko diru-laguntza sistema oso lerratuta egon da ekoizpenaren aldera. Ez edozein ekoizpen motatara gainera, baizik eta molde jakin bateko produkzio eta egiteko modu batzuetara: Espainiako produkzio-finantzaketa sistemak eta merkatu komertzialak eta kulturalak onartzen dituzten estandarretara, alegia. Ez dugu uste hori oraingoxeko kontua denik; aitzitik, esango genuke euskal zinemaren historiaren ezaugarrietako bat izan dela; eta haren ondorio izan direla, besteak beste, euskarazko zinemagintza horren berandu abiatu eta normaltzen hasi izana ere, edota aldian-aldian gure zinemagile eta ekoizleetako asko Madril aldera begira jarri izana zine mota hura egiteko lan eta produkzio baldintza egokiagoen bila, euskal zinema ia berriro hutsetik berrasmatu edo berreraikitzen hastera kondenatuz, zer eta lehengoko molde bera edo oso antzekoaren gainean.

Egitura horrek dibertsifikazioa eta berrikuntza behar duela uste dugu, sormen eta egiteko modu berriak bilduko dituzten egile, proiektu eta produkzio etxeetara zabalduz, nazioarte mailan ere bilatuko dituztenak espainiar estatuan nekez aurkituko duten erreferentzia eta oihartzuna. Hasiak dira horretarako pausoak ematen, hala nola 2017an lehen aldiz ireki den 800.000 eurotik beherako proiektuak laguntzeko lerro berriarekin edo proiektuen garapenerako finantza-doikuntza zabalduarekin ere. Ildo beretik doa Tabakaleran egoitza duen Ikusmira Berriak bezalako programak ere, eta Media programaren duela urte pare batetik honako mentoring motako ekimen berri batzuk ere. Baina, hala eta guztiz ere, oraindik pausotxo bat harago joatea falta delakoan gaude, sormenari, sorkuntzari eta berrikuntzari espazio indartsuagoa eskainiz laguntza sisteman eta ikus-entzunezko industrian.

Film laburren ekoizpena sustatzeko lerroak (diru laguntzak, Kimuak programa) eta gidoien idazketarako laguntzak izan dira sorkuntza ekoizpenaren enkoadramendu haren baldintzetatik aparte garatzeko egon diren esparru bakarrenetakoak, eta egile eta gazte berriei ikus-entzunezkoetan barrena lehen pausoak ematen ahalbidetu dietenak. Baina hor ere dena ez da urre izan. Jaurlaritzarentzat, gehiegi dira filmatu gabe geratzen diren lagundutako gidoiak, eta haiek murrizteko apustua egin du, trukean ekoizpen etxeek kudeatuko dituzten garapenerako laguntzak handituz. Horrezaz gain, aurtengo gidoigintzarako laguntzen epaimahaiak emateko zituen zortzi laguntzetatik bat esleitu gabe utzi du, eta kritika gogorra egin die aurkeztutako gainerako proiektuei, haien kalitate eskasa salatuz. Ebaluazioaren parte bat modu anonimoan, aurkeztutako proiektuen egileen izenak jakin gabe egin izanak izan du seguruenik zerikusirik emaitza horretan. Baina gidoigintzaren egoera tamalgarri honen ardura ezin da, bakarrik, egileen bizkar gainera bota. Ondo finkatutako ekoizpen etxeek interes urria erakutsi baitute urteetan, salbuespenak salbuespen, lehendik jada hurbilekoak ez zituzten autoreen lanarekiko, eta Gidoi ingurua bezalako gidoien pitching edo aurkezpen saioak antolatu izanagatik ere, oso gutxi izan dira haietara benetako interesarekin hurbildu diren ekoizleak, pixkanaka-pixkanaka lan ildo honen balioa debaluatuz. Egiatan, film laburrena izan da azkenean ikus-entzunezko sorkuntza eta berrikuntzaren iturri nagusia azken urte hauetan guztietan, belaunaldi berrien zoritxarrezko prekaritatearen kontura.

Zinemagintzaren garai berriek sorkuntza lagundu eta babesteko modu berriak eskatzen dituzte, daudenak baztertu gabe, sistema trinkoago eta konplexuago egingo dutenak, sareak eta zubiak eratuko dituztenak agenteen artean. Eta horrek guztion —instituzioak, telebista publikoak, ekoizleen elkarteak eta abar— hausnarketa sakona behar du, baina baita guztion babesa, konplizitatea, konpromisoa eta esfortzua ere.

Ezin dugu etorkizunera begiratu gure errealitatea aintzat hartu barik, hain zuzen, ekoizpen eredu berriak uztartu barik, zuzendari eta gidoilari gazteei aukerak (eta babesa!) eskaini barik, gure «lokalismoak» gaindituz, nazioarte mailan geure lekua geureganatuz. Zinemagintzan ere, ez dezagun ahaztu, arian-arian zehatzen da burdina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.