Gernikan bukatu berria den Euskal Pilotako Nazioen Ligan, Euskadiko euskal pilota selekzioak ofizialki nazio gisa parte hartzeko aukera izan du. Horregatik, hasieran esan genuen modura, harro eta pozik sentitzen gara. Nola ez gara ba pozik sentituko euskal pilotariek ikurrina ordezkatuz nazioen arteko txapelketa batean Espainia eta Frantziakoekin berdintasunean lehiatzeko aukera izan badute? Zoritxarrez, urte gehiegi itxaron behar izan dugu Kuban 1990ean lehen saiakera egin zenetik. Baina kito, aspaldiko bidegabekeriari eta zentzugabekeriari buelta emanez lortu da bidea urratzea. Bazen garaia!
Nazioen Liga oso arrakastatsua suertatu da, bai antolakuntza aldetik eta baita kirol aldetik ere. Jai Alai pilotalekura jende asko hurbildu da, eta giroa ezin hobea izan da, bereziki, Euskadiko euskal pilota selekzioak jokatu duenean. Gainera, nazio gisa txapelketa irabaztea lortu da; zer gehiago eskatu, ezta? Beraz, zorionak guztioi, batik bat bakoitzaren interes pertsonalak alde batera utzita, euskal selekzioaren koloreak defendatzea erabaki duzuenoi, alegia, zuen barruko sentimenduekin lerrokatzeari lehentasuna eman diozuenoi. Balio horiek baitira guztiok pertsona gisa definitzen gaituztenak, batzuek, komeni zaienean aitzakia gisa, kirola eta politika ez direla nahasi behar esan arren. Benetan handiak zarete eta handia egin duzue. Eskerrik asko!
Beraz, euskal pilotan, nazio aitortzaren bidea urratzen hasita dago eta lehen urratsa egina ere bai. Eta orain?
Uste dugu euforia egoera honetatik harago begiratzen hasteko momentua ere badela, zeren azken 35 urteetako aldarrikapenaren zati bat, garrantzitsua jakina, lortu arren, oraindik, Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak onartu duen modura, benetako helmugara iristeko beste urrats batzuk falta direlako eta ia denok haien falta sumatzen dugulako. Eta Gernikako Jai Alai pilotaleku barruan nabarmen sumatu zen hori. Harmailetako giroa ikusi besterik ez zegoen hori konfirmatzeko, zazpiak bat ikurrak irudikatzen duen euskal pilota selekzioa dela gehienok amesten duguna eta behar duguna, zazpi herrialdeek osatutako nazio honen benetako aitortza, alegia, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pilotariekin batera, Nafarroa Garaikoek, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherekoek ere euskal pilota selekzio horretan parte hartu ahal izatea. Hori izango litzatekeelako benetako Euskal Herriko euskal pilota selekzioa.
Gernikan jokatu den Euskal Pilotako Nazioen Ligan, besteak beste, demostratuta gelditu da baita ere Euskal Herrian badagoela nahiko gihar gauzak ondo antolatzeko eta egin behar diren modura egiteko, alegia, errespetuz egiteko etsaien probokaziotan erori gabe. Ildo horretan, esan gabe doa lotsagarria izan dela espainiar hedabide batzuek, euskal pilota selekzioak parte hartzen zuela jakinda, beraien komunikabideetan eta sareetan erabili dituzten mezuak eta gezurrak lehiaketa bera lehertzeko eta guztia hankaz gora jartzeko.
Baina zorionez, beste behin, batzuen gorroto politiko horren tranpan erori gabe hartutako konpromisoak helmugaraino eramatea lortu da. Horrenbestez, zorionak antolatzaileei eta Gernikara hurbildutako guztiei.
Beraz, ez dugu erronka txikia guztiok aurrean duguna. Orain, aspaldi hasitako bideari amaiera eman eta helmugaraino iristea dagokigu guztioi, ezin dugulako zakarrontzira bota orain arte egindako guztia. Nola? Orain arte bezala, segi, segi eta segi zintzo eta ausardiaz jokatuz.
Euskal pilota selekzioaren eragile garen heinean, prest gaude Euskadi, Nafarroa eta Iparraldeko batzorde eta pilota elkarteekin elkarlanean aritzeko, zazpi lurraldeetako pilotarien parte hartzea, horrela nahi izanez gero, bermatu ahal izateko saiakera gehiago egiteko, egun, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan dauden arauek eskaintzen dituzten aukerak, zirrikituen bitartez, lagungarriak izan arren, ez direlako nahikoak Lapurdi, Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Nafarroa Garaiko pilotariek erabakitzen dutena errespetatzeko.
Seguru oztopoak egongo direla bidean, orain arte egon diren bezala, baina ez dago besterik. Handia da saria, nazio aitortza jokoan Nazioarteko Euskal Pilota Federazioan. Merezi du, Gernikak merezi izan duen modura.
Beraz, segi, segi eta segi egin behar, guztion euskal pilota selekzioa lortu arte.
Gora Euskal Herriko euskal pilota selekzioa!