Euskaltzalea

Zuian oldarraldia ari du

Oier Azkarraga Grajales
2025eko irailaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azken denboraldi luzean gure herria eta bereziki gure hizkuntza oldarraldi judizial oso bortitz bat bizitzen ari dira. Hainbat interes direla medio, euskara eta gaztelera parekidetasun egoeran jartzea bilatzen duten lege eta iniziatiba guztiak epaitegi bitartez atzera botatzen dituzte era sistematikoan.

Bereziki Kontseiluak bultzatuta, erantzun irmoa eman nahian ibili da euskal gizartea eta, bereziki, euskaltzaletasuna. Alderdi politiko, sindikatu, eragile sozial eta herritarrak elkarturik gure herrian gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea dugula aldarrikatzeko.

Oldarraldia, ordea, ez dator soilik esfera judizialetik. Hainbat eragile, instituzio eta udalek euren erabakiekin euskaldunak bigarren mailako herritar bihurtzen gaituzte, eta hori da, hain zuzen, gure udalak erabaki duena Zuiako euskaldunontzat.

Urteak dira udalak egiten duen kirol eskaintzan euskarazko aukera egon zedin eskatu zela; izan ere, udalak helduontzat eskaintzen dituen hamalau ekintza ezberdinetatik 0 dira bertako hizkuntzan ematen direnak. Eskari hori udalak berak duen Euskara Batzordearen bitartez egin zen eta idatzi bidez udalaren egoitzan, baita Kontseiluaren Behatokiaren bitartez ere, bilera ezberdinak egin dira udalarekin, teknikariekin...

Bai Euskara Batzordeari, bai idatziz sartutako eskariari eta baita Behatokiaren bitartez jarritako kexari ere, egoera konponduko zela eta euskarazko eskaintza egongo zela erantzun bazitzaion ere, hara sorpresa datorren ikasturterako eskaintza jaso eta berriro euskaldunak baztertuak izan garela ikustean. Hori da, hain zuzen, eskutitz hau publiko egitera eraman nauena, ea egoera sozializatuz udaleko agintariak interpelatzea lortzen den.

Aurten ohar bat jarri izan da kirol eskaintzarekin batera: «Talde bat baino gehiago eskaintzen diren zenbait jardueraren kasuan (Combi-gym eta Gimnasia posturala) talde horietako batek euskaraz funtziona dezan saiatuko gara, baldintzak betetzen badira». Kontuan hartuta azken urteetan erabiltzaileoi galdetu zaigula ea zein den gure euskararen ulerkera maila eta hainbat klasetan euskaldunak gehiengo (eta gehiengo oso) izan arren erdaldun bakarra egotearen aitzakiarekin klase horiek gazteleraz eskaini direla, uler dezakegu aurtengo hau ere ezerezean geldituko dela. Beste ikasturte bat galduta, borondate politiko ezagatik.

Gaineratzeagatik, musika eskolako eskaintzan ere ez da euskaraz egiteko aukera eskaintzen. Langileei profila eskatu bazaie ere (eta ondo eskatuta) eta klase asko banan banakoak badira ere, udalak ez ditu beharreko urratsak egin klase horiek ofizialki euskaraz eskain daitezen, eta betiere ikaslearen eta irakaslearen jarreraren araberakoa da hizkuntza hautua.

Zuiako Udalak duela gutxi berritu duen euskara planean ageri da halako eskaintzak euskaraz egiteko borondatea, baina berriz ere euskara planak, euskara batzordeak… udalen aurpegi-garbiketarako tresna baino ez direla argi geratu da.

Udal barruan bada bai hainbat teknikariren aldetik, bai hainbat kargu politikoren aldetik jarrera egokia gai honekiko, eta onartu behar zaie lan handia egin dutela gai hau lantzeko eta irtenbidea topatzeko. Baina erabakiak hartu behar direnean, zuzen eta artez hartzen dira, euskaldunon aurka betiere. Borondate politikorik ez dago, eta ez du balio oldarraldi judizialaren aurka gaudela esateak gero oldarraldia aplikatuko bada herritar euskaldunen aurka.

Bukatu nahiko nuke Zuiako Udalari eskari zuzena eginez: errespeta itzazue euskaldunon eskubideak, ez zaitezte batu gure hizkuntzaren aurkako olatu erreakzionariora. Eta, bide batez, egoera berdin edo antzekoa bizi duten beste udalerrietako herritarrak animatu nahiko nituzke halakoak salatzera. Argi baitago soilik salaketarekin eta mugimenduarekin lortzen direla helburuak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.