Segur naiz ez duzula berrikuntza hori huts egin: supermerkatuan esnekien, bixkotxen, esneen, ogiaren eta pasta arrunten alternatiba berriak eskaintzen dira. Ez, ez dira produktu beganoak, baina proteinaz osatuak diren elikagaiak.
Ez naiz medikua eta ez naiz dietetikan ari, baina Ikastolan ikasi nuenaren arabera, janaria hiru kategoriatan banatzen ohi da: gluzidoak (azukreak), lipidoak (grasak) eta proteinak. Amatxirekin ikasi nuen elikadura orekatua eta osasuntsua «pixka bat denetarik» jatea zela. Nik, behintzat, horrela eramaten nuen nire ibilbidea orain arte. Baina ekoizkin honen eskaintza kopuru handi hori ikusi dudalarik neure buruari galderak pausatzen hasi naiz. Ekai hori batez ere haragian atzematen dela ikasi dut eta, nahiz eta ez barazkijalea izan, ez dut haragi asko kontsumitzen. Eskasia bat ukango ote nuke?
Nire ikerketen arabera (mila esker, Google), Europan, proteina eskasiak dituztenak %7 baino gutxiago dira; burdina eta D bitaminarentzat %65 baino gehiago direlarik. Alta, ez dut supermerkatuetan burdin eta D bitaminaz osatua den janaririk ikusten. Nola moda, eroaldi berri hori esplika daiteke orduan? Erreakzionarioek berriz barazkijale lobbyen kolpe bat dela esango dute! Alta, produktu horien konposaketa ikusiz, dudak banituzke...
Arazoa beste nonbait kokatzen da. Kirolariek aspalditik elikagai hori kontsumitzen dute haien indarra garatzeko. Beraz, denek Olinpiar Jokoetarako prestatzea erabaki ote duzue ni abisatu gabe? Horretarako zuen proteina kopurua obsesiboki kontatzen hasi zarete? Ez: janari mota honek muskulua garatzen laguntzen du. Giharrak garrantzi asko dauka (baina berriz ere, ez naiz medikua, beraz ez naiz detaileetan sartuko): gure eskeletoa mantentzen laguntzen du, sendotasuna ematen digu eta emazteentzat interesgarria da, masa galtzen dugulako adin baten buruan. Printzipioz, muskuluak ez dira hor eder egiteko, baizik eta gure gorputza gutxiago mintzeko eta ongi zahartzeko.
Baina jendeak gero eta muskulazio gehiago praktikatzen baldin badu, eta geletako abonamendu kopurua zartatu baldin bada, ez da baitezpada osasuntsua sentitzeko edo psikologikoki lasaitzeko. Helburua estetikoki fisikoa eraldatzea da. Ez ote duzu bitxia atzematen maskulinisten gorputz guztiek hodei potolo batzuen itxura hartzea? Begira itzazu Mark Zuckerberg edo Louis Sarkozy. Badirudi zenbat eta ideia sexistagoak eta atzerakoiagoak ukan eta gero eta muskulu gehiago dituztela.
Faxismoan lerratzen da gure jendartea. Arazo konplikatuei konponbideak proposatzeko, ideologia totalitaristek teoria sinplistak aplikatzen dituzte. Mundua dikotomian esplikatzen dute: alde batetik ona, bestalde txarra. Alde batetik gizona, bestalde emaztea. Maskulinitatea feminitatearen oposizioan eraikitzen baldin bada, indartsua, azkarra eta masiboa izan behar da, ezaugarri estereotipatuak indartuz. Horretarako, kirol geletan, 15 urteko mutiko gero eta gehiago ikusten dira testosterona izerditzen duten gorputzak eraikitzeko. Sendotasun fisikoan eta indar beldurgarrian oinarritzen den irudia erakutsi behar du gizon modernoak. Indar intelektualak hemen ez du tokirik. Gizontasun mota hori bakarrik da errespetagarria antolakuntza honetan. Sistema totalitario batek populakuntza kontrolatuz funtzionatzen du. Marketinak irakasten digu gure azietan dagoena neurtzea. Kontrolatzen duen pertsona bat lasaia da, ez da urrunegi joaten, ez du emoziorik erakusten, ez da borrokatzen, ez da injustizien kontra oldartzen.
Proteinaren kultuaren zabaltzea politizatua da, gure azietan ezartzen dugun guztia bezala. Salmenta estrategia hori testuinguru argi batean kokatua da: gaur, emazteei, homosexualei, pertsona minorizatuei libreki erasotzen ahal zaie eta gizon zuri heterosexual zisgeneroek haien boterea eta azkartasuna erakutsi behar dituzte, maskulinitate forma bakar bat inposatuz. Haien ahotsa denetan entzutea, erabakiak haien esku izatea ez da nahikoa izan. Orain, espazio publikoan, toki gehiago hartu behar dute. Haien zapalkuntza sinbolikoa fisiko bilakatu da. Masa hori ez da hor gu babesteko, baina gu izutzeko. Boterea nork duen oroitarazteko. Boterea eskuin muturraren eskuetara heldu da eta haien irudi eredugarria eraikitzen dute.
Beharbada, zeure buruari galdetzen diozu nola egin ezkerrekoa edo neska baldin bazara eta gihar asko nahi baldin badituzu. Nire ustez, zure itxura nahi duzun bezala moldatu dezakezu. Baina beti garrantzitsua da jakitea gure hautuak testuinguru eta ingurumen batean kokatzen direla. Gure ardura da gure erabakiak kontzienteki hartzea.
Txikitan erraten baldin baziguten gure salda jateko handitzeko, gaur egun gure proteinak jan behar ditugu indartzeko.