Zuzenbidearen araberako erabaki posible bakarra

Joseba Azkarraga, Iñaki Lasagabaster eta Ramon Zallo
2025eko maiatzaren 22a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Badirudi Auzitegi Nazionalak ez duela onartu —ez baitu, itxura denez, erabakirik hartu— Terrorismoaren Biktimen Elkarteak egin duen eskaera, alegia, debekatzea Puzzlea osatu arte ekimena, maiatzaren 17an eta 18an egin dena Sare Herritarrak antolatuta. Zentzuzkoa dela esan dezakegu, elkarte horien eskaerak beste zenbaitetan ere ezetsi egin baititu organo judizial horrek berak. Nolanahi ere, uste dugu egokia dela horren inguruan gogoeta egitea.

Ekimen horren helburua zen bi egun horietan 57 presoren 28 herriak lotzea, eta horrela salatzea preso horiek erregimen arruntean dauzkatela, bigarren graduan, eta baimen edo irteera programatuen aplikazioa ukatuta, hau da, espetxetik atera ezinik inolako jarduerarik egiteko, jada urte asko eta asko preso eman badituzte ere.

Berriz saiatu dira galarazten, batetik, adierazpen askatasunaren erabilera eta manifestatzeko eskubidea —oinarrizko eskubideak demokrazietan— eta, bestetik, iritzi publikoari helaraztea espetxe politika berraztertzeko premia dagoela, baldin eta aurrera egin nahi badugu pertsona guztientzako eskubideen arloan, presoen eskubideak barne.

Eskubide horiek defendatzea ez da inongo traba indarkeria guztien biktima guztien minarekin solidarioa izateko, eta biktima horiek eskubide osoa dute memoria, egia, aitortza eta erreparazioa erreklamatzeko eta exijitzeko. Eskubide horiek guztiak elkarren osagarri dira Zuzenbide Estatua nagusi den gizarte ireki guztietan.

Pertsona edo talde bakoitzak eskubidea du iraganaz bere interpretazioa egiteko, baina akatsa da egoskorkeriaz saiatzea memoria bakarra eta egia bakarra inposatzen. Ez da egokia aitortza hori eta legeen norberaren interpretazioa nahastea eta, horrela, oinarrizko eskubideen funtsetik aldentzea. Onartezina da identifikatzea beharrezkoa den erreparazioa eta espetxe politika zigortzaileena exijitzeko eskubidea, legearen eta testuinguruaren arabera jokatzen duten instituzio demokratikoak ez baleude bezala. Zuzenbidearen xedea, justizia egitea ez ezik, pertsona guztien eskubideak babestea ere bada, presoenak barne, haiek ere eskubideak dituztelako.

Legearen aplikazioa biguna dela esaten denean, ahaztu egiten da legeak pertsonen eskubideei mesede egiteko moduan aplikatu behar direla, presoen eskubideei ere bai. Era berean, ezin da onartu esatea mobilizazioak ez dituela Sarek sustatzen, legez kanpoko erakunde batzuek baizik, egungo euskal politikan halakorik ez badago ere, aspalditik. Izan ere, zer erakundetatik aldendu behar dira preso horiek? Zein dira inguruan dituzten legez kanpoko erakundeak? ETAren etorkizuneko zer delitu ekidin dezakete kolaboratuz gero?

Batzuk tematuta daude salatzen motibazio politikoko presoei «espetxe onurak» ezartzen zaizkiela. Erraza da asmatzea esamolde hori erabiltzen dutela pertsona horiei pribilegiozko tratua ematen zaiela iradokitzeko, baina horren atzetik, adibidez, Espetxeetako Erregelamenduaren 100.2 artikuluan ezarritakoaren aplikazioaz ari dira, hau da, malgutasunaren printzipioaz, zeinak aukera ematen baitu, baldintza batzuk betez gero, presoak hirugarren gradurako aurreikusitako erdi-askatasunaren erregimenean sartzeko —hein batean bada ere—, gradu horretan sailkatuta egon gabe, eta, horrela, kanpora ateratzeko, lanera edo ikastera; horri esker, arlo soziala, familiarra eta lanekoa egonkortu eta indartu ditzakete, helburua izanik presoaren gizarteratzeari begira pronostiko ona lortzea. Baina 100.2 artikuluaren aplikazioa espetxean dauden pertsona guztiek eska dezakete.

Horrez gainera, onuratzat hartzen da, lehen aipatutako esanahiarekin, hirugarren graduan sartzea edo baldintzapeko askatasuna onartzea, 7/2003 Lege Organikoaren xedapenek nabarmen oztopatzen dituzten bideak. Eta, ildo horretan berean, beste figura juridiko batzuk, hala nola indultu partikularra ematea —zigorraren iraupena laburtzeko aukera ematen du— edo baldintzapeko askatasuna aurreratzea —denboraren baldintza aldatuz, hau da, zigorraren hiru laurdenen ordez bi herenak aplikatuz—, guztiz ezezagunak dira ezaugarri horiek dituzten presoen kasuan. Hitz gutxitan esateko, zigorra betetzeko modua eta denbora doitzeko diseinatutako mekanismoak, presoen gizarteratzean lagungarri direnak, askoz muga gehiagorekin aplikatzen zaizkie preso horiei gainerako presoei baino.

Baina, zoritxarrez, aipatutakoa desitxuratzen dutenek transmititzen dute ez dutela nahi espetxearen gogortasuna apaltzea, aipatu ditugun neurriak arruntak eta ohikoak badira ere; kontrakoa eskatzen dute: diskriminazioa, salbuespena eta espetxe zuzenbide humanitarioa hainbat hamarkadatan faltsutu duten salbuespen arauen iraupena.

Ez dute aipatzen, halaber, indarrean direla oraindik espetxe arloko salbuespen legeak —5/2003 eta 7/2003 lege organikoak, esate baterako— nahiz eta inongo zentzurik ez izan gaur egun horiek aplikatzeak motibazio politikoko presoei, delituen izaera eta larritasuna kontuan hartuta ere, pertsona horiek baliagarriak izan daitezkeelako komunitatearentzat, gizarteratze erraz batekin —hori baita zigorraren helburua, azken batean— eta delitua berriz egiteko inolako arriskurik gabe.

Ezkutuko amnistiak direla iradokitzea ageriko ankerkeria da, egiatik ez du ezer eta gorroto delituaren mugan dago, are gehiago jakinda preso jarraitzen duten gehienek hogei urte baino gehiago daramatzatela preso, batzuek hogeita hamar urte baino gehiago ere bai, eta ezin dela gauza bera esan antzeko gertaerak tartean egonda —estatuko terrorismoa, agintekeria, torturak…— epaitu gabe gelditu zirenez edo zigor arinak bete dituztenez.

Baieztapen horiek egiten dituztenen aurrean, iritzi zabalduena da, ordea —espetxeetako profesional teknikoena, Eusko Jaurlaritzarena, Fiskaltzarena eta batere susmagarria ez den Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralarena—, arau horiek 1979ko Espetxeetako Lege Organiko Orokor humanistari egindako osoko zuzenketa izan zirela, eta aspalditik indargabetuta egon beharko luketela.

Gizartean elkarbizitzan aurrera egitea posible izango da soilik gai bagara herri honetan gertatu denaz bakoitzak dugun kontakizuna inposatzeari uko egiteko, kontakizunak batzearen aldeko apustua egiteko, elkarri entzuteko eta eskubideak urratu zaizkien pertsona guzti-guztiei aitortza eta erreparazioa emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.