Norbaitek ireki beharko du ahoa, eta niri dagokidala erabaki dut. Askotan pentsatu izan dugu gauzak bere horretan pasatzen uztea hobea dela harrotutako hautsei geure hauspoz gehiago eragitea baino. Tarteka, ordea, erauntsia handitxoa dela iruditzen zaigunean, burua harrotasunez ateratzeko sasoia izaten da bertsolarion inguruko pinpanpuna kirol nazional bihur ez dadin.
Odón Elorza jaunak aipatu gintuen duela gutxi. Ez du nonbait gogoko Donostia 2016ko egitasmoan bertsolari bat buru jartzea. Bertsolari gehitxo bere gusturako. Xabi Paya aipatu du. Ez noa ni Xabi defendatzera. Bere burua defendatuko du inork baino hobeto, gaitasun intelektuala eta lan gaitasuna, biak eta neurri handietan dituela erakutsiz. Gainera, animalia berezia da. Nola sartuko eta oposizioak gaindituta sartu zen Donostia 2016an!
Ramón Etxezarretak, berriz, hala hasi zuen atzoko bere Diario Vasco-ko zutabea: «El bertsolarismo acapara casi en exclusiva la imagen social de la cultura en euskera, malo». Malo malo ez dakit, baina ona ez dela neuk sinatuko nuke. Zertzelada batzuk halere, ahoa betean botatzea modan jarri den esaldi horren jiran.
Ez naiz korapilatuko bertsolarion emaitza artistikoa zenbaterainokoa den neurtzen. Itsusia litzateke. Eta, gainera, neu naiz lehena egiten dugunak artisautzatik artetik baino gehiago duela onartzen, aldian-aldian artetzat har daitezkeen perlak ere sortu arren. Badakizue: onerako eta txarrerako, dabilenari gertatzen zaio. Argi daukat, baina, jarreraren aldetik, jendarterako eredugarri jotzen diren printzipio askoren jabe dela bertsolaria. Eskuzabala da, eta herriarekiko igurtzian bizi denez, honi laguntzeko eta hari mesedetxo bat egiteko beti dago pronto. Ez dut bakar bat ezagutzen diru-ordainik ez zegoela, edo ohikoa baino diru-kopuru txikiagoa zeukatela antolatzaileek eta herri edo auzoren batera joan gabe geratu denik. Proportzionatua da bertsolaria. Egiten duen lanarekiko zor zaion ordaina neurri-neurrikoa dela esango nuke. Purian dagoen hitz bat erabiliz, transbersala da, gaur gaztetxe batean, bihar enpresa baten urtemuga ospakizunean eta etzi ekitaldi instituzional batean aritzen baita. Eta beste mila gauza ere bada, esatera behartu ez banindute ezaugarri bakar bat ere ez nukeen neuk botako baina.
Kolektiboaren indarrean sinesten du bertsolariak. Aspaldi hasi ginen geure alorraz geuk arduratu behar genuela eta autoantolaketari heltzen. Elkarte bat sortu genuen hutsetik. Bertsolari eta bertsozale bat eginda, lan profesional eta borondatezkoa nahasian, eta helburu nagusi bertsolaritzaren aitzineratzea. Joan dira hogeita bost urte luze eta asmatu dugu erakundeekiko harreman adeitsu bezain egoskorrari eusten; jakin dugu hedabideekiko harremana gatazkatsuen zen garaietan ere bizirauten; hedapenari adinako garrantzia ematen diogu transmisioari eta ikerkuntzari. Ari gara lanean. Eta ez hain juxtu 10/8 eta 7/6 neurriak maite ditugulako edo errimen frikiak garelako. Ari gara, sinesten dugulako euskal kulturgintza deritzan horrek osatzen duen ekosisteman leku bat badugula. Garairen batzuetan nabarmenagoak izango gara eta igual geuri tokatuko zaigu gurdiari tiraka jardutea. Eta besteetan flakialdiren bat izango dugu eta besteen babesean egin beharko dugu bidea.
Inbidia sortzen dugula? Ez nuke sinistu nahi. Baina eskura hainbat baliabide izan eta antolakuntzan asmatu ezinean dabiltzan erakundeek, behinik behin, jakin behar lukete badirela bestelako parte hartzailetza ereduak, tirriki-tarraka baina aurrera egiten dutenak.
Ez da oro lore. Autokritikari leku eginez, onar dezagun 2016ko mugimenduaren hastapenetan, Odonen garaietan alegia, bertsolariok eta Bertsozale Elkarteak berak oso epel hartu genuela elkarlanerako luzatu ziguten proposamen ez beroegia. Ni, neure aldetik, damutzen naiz. Gogoan dudala bertsolari bakarra izan zen egitasmoari ilusioz erantzun behar zitzaiola azaldu zuena. Ez dut izenik jarriko, aspaldian aho gehiegitan baitabil. Zumaiarra da. Komeni zen Elorza eta Etxezarreta jaunek hori ere jakin zezaten.

Plazatik
Aski da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu