andoni egana
Plazatik

Aste santua

2012ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Ikara sortzen zidaten umetan Aste Santuko prozesioek. Jesukristo Gurutziltzatuaren irudia bera gogorra da: gizon argal bat, saihetsak bistan dituena, esku-ahur odolduetan iltze bana, burua amildurik. Ama Birjina bat ere, ez dakit ziur ze Ama Birjina, gogoan dut, puñalez josia eta malko-anpulu lodiak matrailetan behera zituena. Eta amesgaiztoetako irudi bihurtu zitzaidan garai batean, herriko prozesioetan ateratzen zena: Kristoren gorpua, kutxa batean sartua eta Guardia Zibilek eskoltatua. Egiazko Guardia Zibilek, euren traje berde, txapel oker eta arma, ikarari izua erantsiz.

Orduz geroztik prozesioek ez didate onik egiten. Hemen inguruetakoek, Segurakoak, Hondarribikoak, Balmasedako dramatizatu horrek… neurriari eusten diote behintzat. Baina Andaluzia aldekoek, edo ez dakit nongo milaka danbor-jotzaileen burrunbadak, kanporakotik gehiago dute barnerakotik baino; zaratatik gehiago isiltasunetik baino. Eta ez dakit erlijiosotasunak, baina espiritualtasunak barnerakotik eta isiltasunetik edaten duela esatera ausartuko nintzateke.

Urte gutxian dena aldatu da. Aste Santua estreinako mozkorra harrapatzeko izaten zen egokia. Dena bertan behera geratzen zen Aste Santuan, arratsalderoko elizkizunak izan ezik. Nerabezaroan, eskolatik jai, elizako funtzioetara joateko batere gogorik ez, telebistanbeti berdina zen carta de ajuste txatxua, zinema-aretoak itxirik, kirol-lehiaketarik ez parte hartzeko edo begira egoteko, bilgune genituen jolas-areto edo bolerak ere itxita…tabernak ziren geratzen ziren eremu libre bakarrak. Aste Santuaren geldotasun horrek derrigortu zuen gure belaunaldia, gixonak gizonekin, lehenengo baso-erdietara. Orain, Aste Santuak azeleratu egiten du dena, azaleratuz. Garagardo Feria bat antolatu nahi baduzu, Aste Santua da urte sasoirik egokiena, besterik ez dago eta. Txirrindulari Proba batentzat ere, Aste Santua bezalakorik ez da, jendeak jai edukitzeaz gain ez baitauka beste zereginik. Egun batzuetako Mendi Ibilaldi bat egiteko edo kanporako ihesaldia burutzeko ere, ez da Aste Santuko jai-egunak bezalakorik. Lehen kargatu egiten ginen hustasunaren aurrean; orain hustasuna betetzen espezializatu gara.

Dena aldatu da urte gutxian. Eta nago, herri honen eta gizarte modu honen giltzarriak ulertu nahi izateko orduan garrantzia txikitxoa aitortzen diogula eman den aldaketa handienari. Ez dago asko jo beharrik atzera. Demagun duela berrogeita hamar urte. Euskal gizartearen ehuneko laurogeiak fededuntzat joko zukeen bere burua. Ehuneko hogeiak baino ez zuen bere burua ateo edo agnostikotzat hartuko. Irauli egin dira zifrak, hor nonbait. Gaur egun ehuneko laurogeiak ez du fededuntzat joko bere burua eta ehuneko hogeia azalduko da sinestun. Eta iraultze horrek ez du zerikusirik izango prozesio, eliz-funtzio eta axaleko kontuekin bakarrik. Sakonagoko ondorioak ere ekarriko zituen. Pertsona animalia gurtzaile izatetik animalia ez gurtzailera hain epe laburrean eta hain tropelean pasatu denik, nik behintzat ez dut sinesten. Aldi bakoitzean zer gurtzen dugun eta zergatik da misterioa.

Imanol Lazkanori entzun izan diot hirurogeiko hamarraldian sumatu zuela bere bizialdiko gizarte aldaketarik handiena. Xabier Amurizari ere hamarraldi huraxe omen zaio kitzikagarrien bere literatur lanerako oinarri. Zerbaitengatik. Errelatoaz eta gertatuaren ulermenerako urratsak egin behar direla diotenek, komenentziara hartuko dute abiapuntua. Batzuek 1512an. Besteek Foruen indargabetzean. Beste batzuek ETAren sorreran… Hirurogeiko hamarraldi hura, elkarren ondoan bizitzetik elkarren gainean bizitzera pasatu ginena, beste etorkin uholde bat ezagutu zuena, eta batik bat fedea krak egiten hasi zena, aztergai ezinbestekoa iruditzen zait.

Fedeak gurean izan zuen garrantziaren lekuko, igandeko ospakizuna dugu. Ez da kasualitatez Aberri Eguna Pazko igandean ospatzen. Berpizkundea biena irudikatu zuen norbaitek aspaldian: Jainkoarena eta Aberriarena. Hirurogei aldera krak egiten hasi zena apurtu samarra dago egun, baina loturaren zantzuak gutxien espero daitezkeen lekuetan aurki daitezke. Ez ginen dena puskatzera ausartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.