Polemika piztu da berriro: iragarri berri dute beste milioi andana bat erabiliko dela Atlantikoan trenbide korridore bat egiteko, Atlantikotik ez baizik Madrildik pasatuko dena. Mediterraneoko korridorearekin duela urte batzuetatik gertatzen ari den moduan, Madrilek aldatu egin du berriro Europako korridorearen inguruko proposamena, estatuko garraio azpiegiturak are gehiago zentralizatzeko asmoz.
Kontu irrigarria da, Mediterraneoko korridore deritzona bera baino areago. Atlantikoko korridorea, Bilbotik harago, ez baita jada Atlantikoko beste ezein hiritatik pasatzen. Eta azak ontzeko: Galizia ez du ukitu ere egiten—pentsatzen dut izango duzuela horren inguruko polemikarik zuen herrialdean, Maria—, eta ez ditu lotzen Galizia eta Portugal, nahiz eta horixe izan eskakizunik argienetakoa mugaren alde bietan. Madrildik pasatuko da, bai, baina ez da ibiliko Vigo eta Porto artean.
Jende asko harritu egiten da zer-nola egin litekeen holakorik, baina komeni da nabarmentzea badela arrazoi geopolitiko bat Madrildik duela urte askotatik proposatzen ari izan zaizkigun estatu eredu erradial horretarako. Eta hauxe da: Madrilen kokapen geografikoa bera, eta haren asmo ezin handinahiagoa bere errealitate fisikoa aldatzeko.
Gaur egun, Espainiako Estatua goi ordoki mortu bat da, eta haren bazterretan daude sakabanatuak kostaldeko eremu txikiago batzuk, funtsean Herrialde Katalanak eta Euskal Herria —Galiziak bestelako sendotasun bat du—. Logika historikoaren arabera, Sevilla izango zatekeen Espainiako hiriburua, eta ez Madril. Izan ere, bere kabuz existitzen da, baina, batez ere, komunikaziorako gaitasuna du —Guadalquivir ibaia merkataritzarako eta garraiorako bide da egiaz, baina Jarama ez—. Hala ere, Austria etxekoek beren ehiza barrutian kokatu nahi zutenez hiriburua, Madril sortu zuten, eta, ordudanik, hura artifizialki nola puztu jardun izan dute Espainiaren historia osoan. Hain zuzen, basamortuaren erdian dagoenez —goi ordoki osoan ez dago beste hiri handirik, eta iparraldea EBn gehien despopulaturiko eremuetatik bigarrena da, Laponiaren atzetik—, ezaugarri bakar batek ematen dio gaitasun ekonomikoa: hiriburua izateak, eta baliabideak —beste estatu batzuetan banatuak egon ohi direnak— artifizialki hantxe metatzeak.
Alde horretatik, Madril hiriari artifizialki eusteko beste ahalegin bat baino ez da trenbidearen egitura erradial hori. Ez lehenengoa, ez azkenengoa —gogoan izan 2000. urtean Miami izan nahi izan zutela eta sekulako porrota izan zutela—, baina, lotsarik ez dutenez, holakoxeak gertatzen dira. Esaterako, Atlantikoko korridorea ez pasatzea Atlantikotik...

ZUZENDARIEN GALEUSCA
Atlantikoa? Mediterraneoa? Madril!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu