andoni egana
PLAZATIK

Azeria eta erbinudea

2016ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Kongresua osatu den honetan, Podemoseko Carolina Bescansa diputatu andereak bere ume txikia ekitaldiaren muin-muinean azaldu izanak harrotu ditu hautsak. Denetariko ahotsak entzun dira. Zentzugabekeriatzat jo dute batzuek; kanpolarroxarena egitea leporatu diote beste batzuek; oportunismoa aipatu duenik izan da; emakumeen eskubideen defentsan aritu izana txalotu diote askok; ez dela lehen aldia azpimarratu nahi izan du zenbaitek. Niri, arazoaren funtsarekin zerikusi oso zeharkakoa eta hizkuntzekin handia duen zerbait etorri zitzaidan lehenik burura: azeririk zaharrenek ez dute ongi ikusi euren betiko gordelekura erbinudea azaldu izana. Gazteleradunek ere ongi ulertuko dute, auskalo zergatik, euskaraz erbi-inude dena gazteleraz comadreja baita, eta bai inudeek eta bai comadreek zerikusi handia baitute umeak zaindu eta bularra ematearekin.

Carme Chacón andereak haurdunaldia begien bistan zuela Espainiako armadako gizonezkoak firme jarrarazi zituen hartan askori loratu zitzaigun irribarre bihurria. Gizon haien buruetan zerbaitek egingo zuen krak eta bat baino gehiago sentituko zen, bizitzan lehen aldiz, gixon. Mendeku txikitzat hartu genuen derrigorturik militarren pean ibiliak ginenotan askok, haien ahotan irainik irainena baitzen, zerbait egoki egiten ez genuelarik, parecéis nenas zelako hura.

Haiek dira akaso muturrekoenak, baina ez da militarren kontua soilik. Etxe atarira hurbilduz, geuk ere 1997ko Txapelketa Nagusiaren finalean emakumeak ipini genituen azafata lanetan bertsolarioi oholtzara kafea-eta ekartzen. Zerbait ikasi genuen mozolo irteera hartatik eta urte gutxi barru Saroi Jauregi edo Zuriñe Iarrituk gidari papera hartu zuten oholtzan. Bazen urrats bat baina ez egungo errealitateak eskatzen digun adinakoa segur aski. Izan ere, bertsogintza gizonezkoen kontua zen garai haietan, bazen uste bat, aski hedatua eta neuk azal-mamietan frogatu ahal izan nuena, lehiaren aurrean aita izan berriak bazuela kaltetik adina abantailatik. Galduko zituen lo orduren batzuk, ez hainbeste ere akaso, baina aitatasun estreinatu berriak bestelako ikuspegi bat eskainiko zion eta batik bat, lehiak sor dezakeen presioa gutxituko zion, lehentasunak itzulipurdikatzean. «Zer axola zait ba niri lehenengo, bigarren edo zazpigarren geratu etxean ume txiki bat badaukat nire maitte-maitteen eta sehaska kanten beharra duena?». Talaia horretatik bertso emaitzak ere izan zitezkeen hobeak. Bertsogintzan ere emakumeak oholtzaratu ahala, eta emakume horietako batzuk ama izaten hasi zirelarik, ikuspuntua erabat aldatu baino ez genuen izan. Aita bertsolariarentzat presioa kentzea ere izan zitekeena amarentzat lan erantsia baitzen nabarmen: haurdunaldi hobexeagoa edo txarxeagoa, erditze bera, erditu ondorengo asteak, haurrari bularra ematea, zaintza… Edonork uler dezake hori sentiberatasunik badu. Sentiberatasuna bere baitan agortzen da ordea, lege bihurtu ezean. Eta legeak, gure kasuan behintzat, lehiaren oinarriei eragin behar lieke. Oso gizonezkoen ikuspegia da «jarritako tokian eta orduan» azaldu eta lehiatu behar hori. Antolatua daukagu sistema bat eskualdeka-herrialdeka-txapelketa nazionala... non horietako batean edo horietako batera huts eginez gero, urteak itxaron behar diren hurrengo aukeraren zain. Bertsolariok aita eta aita bakarrik ginen garaietan pentsatutako sistema. Garaia da, eta ziur nago ari garela, berriz pentsatzen hastekoa. Lehia orok berdintasuna eskatzen duelako hasi behar genuke desberdintzen. Ostaizka Aizpuruaren kasua aintzat hartuta osteguneko BERRIAn Garbiñe Ubedak Jaurlaritzari eskatzen ziona eskatu behar genioke, gutxienez, geure buruari.

Kongresuko agerraldiaren antzekoek, iritziak iritzi, zerbaitetarako balio izaten dute. Artikulua bukatzen ari nintzela jabetu naiz, propio ez egin arren, sei izen propio aipatu ditudala zutabean. Seiak emakumeenak. Bada zerbaiten seinale.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.