Teknologiaren garapenak aldaketa handiak ekarri ditu hezkuntzan, ikasleen artean adimen artifizialaren tresnak eta informazioa segundo gutxitan partekatzeko aukera ematen duten aplikazioak gero eta ohikoagoak direlarik. Ikasleek tresna horiek ez dituzte soilik lanak egiteko erabiltzen, azterketetan ere baliatzen baitituzte. Egoera hori ikusirik, EHUk USaP edo antzinako selektibitate probetan frekuentzia detektagailuak erabiltzeko erabakia hartu duela zabaldu da. Nire ustez, neurri hori egokia eta beharrezkoa da, baina arazo bat ikusten diot: erabaki hori isolatua da eta soilik USaP probari eragiten dio. Azterketetan iruzurra egiteko arriskua ez dago soilik USaPeko proban (unibertsitatera sartzeko notaren %60), Batxilergoko azterketetan ere gero eta handiagoa da (unibertsitatera sartzeko notaren %40), eta hor ere neurriak hartu beharrean gaude.
Egia da USaPeko probak ikasleen etorkizunean eragin handia duela, azterketa horren bidez erabaki daitekeelako ikasle batek nahi duen gradua ikasteko aukera izango duen ala ez. Horregatik, logikoa da EHUk neurriak hartzea azterketaren gardentasuna bermatzeko. Pinganillo txikiekin, erloju adimendunekin edo telefono mugikorrekin AA bidezko laguntzak erabiltzea gero eta errazagoa denez, kontrol sistema tradizionalak ez dira nahikoak. Frekuentzia detektagailuek aukera ematen dute gailu horien komunikazioak identifikatzeko —iruzurra egiteko aukerak murriztuz— eta ikasle susmagarriak behatzeko.
Aitzitik, ez pentsa arazoaren muina USaPean bakarrik dagoenik. Gaur egun, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasle askok teknologia bera dute eskura eta iruzur berdina egiten dute etapa horietan, baita administrazioak antolatutako oposizioetan ere. Gainera, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako azterketa eta proiektuetan lortutako notek eragina dute etorkizun akademikoan, ikasleen espediente akademikoak ere pisua duelako unibertsitatean sartzeko orduan. Kasu batzuetan, Batxilergoko edo Lanbide Heziketako batez besteko nota selektibitateko emaitza bera baino erabakigarriagoa izan daiteke. Horregatik, ez dirudi zentzuzkoa USaPean soilik kontrol zorrotzak ezartzea, aurretik datozen hezkuntza etapetan antzeko neurririk hartu gabe.
Imajinatu bi ikasle daudela unibertsitateko plaza beragatik lehian. Horietako batek urte osoan ahalegina egin du modu zintzoan ikasteko eta lan egiteko; besteak, ordea, hainbat azterketatan pinganilloa eta proiektuetan adimen artifiziala erabili ditu notak igotzeko. Azkenean, biek USaP baldintza berdinetan egiten badute ere, bigarren ikasleak abantaila izango du Batxilergoan ateratako notari esker. Horrek agerian uzten du arazoa ez dela azterketa bakar batean gertatzen den zerbait, kasu honetan USaPeko proba, baizik eta hezkuntza sistema osoari eragiten dion auzia.
Teknologia erabiltzea debekatzea ez da nahikoa ikasleek ulertzen ez badute zergatik den kaltegarria iruzurra egitea. Azkenean, iruzurraren bidez lortutako nota batek ez du benetako ezagutzarik adierazten, eta horrek kalte egiten dio bai ikasleari eta baita hezkuntza sistemaren sinesgarritasunari ere
Horregatik, beharrezkoa litzateke neurri koordinatuagoak hartzea hezkuntza etapa guztietan. Ez dut esaten ikastetxe guztiak kontrol sistema zorrotzez bete behar direnik, baina bai gutxienez hainbat protokolo ezarri beharko liratekeela. Adibidez, azterketa jakin batzuetan gailu elektronikoen erabilera zorrotzago kontrolatzea; irakasleei prestakuntza ematea; edo beharrezkoa denean frekuentzia detektagailuak erabiltzea. Bestela, arriskua dago USaPeko kontrolak sinbolo hutsean geratzeko, benetako arazoa aurretik datorrenean.
Gainera, ezin dugu ahaztu iruzurraren aurkako borroka ez dela soilik kontrol teknologikoen kontua. Hezkuntzak zenbait balio ere transmititu behar ditu: zintzotasuna, erantzukizuna eta esfortzuaren garrantzia (gaur egungo gizartean pisua galdu dutenak). Teknologia erabiltzea debekatzea ez da nahikoa ikasleek ulertzen ez badute zergatik den kaltegarria iruzurra egitea. Azkenean, iruzurraren bidez lortutako nota batek ez du benetako ezagutzarik adierazten, eta horrek kalte egiten dio bai ikasleari eta baita hezkuntza sistemaren sinesgarritasunari ere.
Bestalde, batzuk neurri hauek gehiegizko kontrol gisa ikus ditzakete, baina kontuan hartu behar da teknologiak tranpa egiteko moduak erabat aldatu dituela. Duela urte batzuk papertxoak edo alboan eserita zegoenari begiratzea ziren trikimailurik ohikoenak; gaur egun, ordea, ia ikusezinak diren entzungailuak edo AA bidezko erantzun automatikoak erabil daitezke. Egoera berriek erantzun berriak eskatzen dituzte, eta hezkuntza sistemak ezin dio errealitate horri bizkarra eman.
Eta ondorio gisa, EHUk USaPen frekuentzia detektagailuak erabiltzeko hartu duen erabakia egokia da, baina ez luke neurri isolatua izan behar. Azterketetan iruzurra egiteko arriskua hezkuntza maila guztietan dagoelako, eta bereziki Batxilergoan eta Lanbide Heziketan lortutako notek unibertsitatean sartzeko duten pisua kontuan hartuta, beharrezkoa da neurriak etapa horietara ere zabaltzea. Gardentasuna eta berdintasuna bermatzeko, hezkuntza sistema osoak egokitu behar du gaur egungo errealitate teknologikora.