Hizpidea ateratzen jakitea arte modu bat zen, umetan ia inork menpean hartzen ez zuena baina hazi ahala ikasi baino beste erremediorik ez zegoena. Hizpideari segitzen jakitea zen beste arte modu bat, edukazioarekin zerikusi ezinbestekoa zuena. Gaztetxotan eman zien nire kalekume belarriei atentzioa, nola herri inguruko baserritarrek, parekoa hizketan ari zenean, baiezko buru mugimendu txikiz lagundurik, «baita» tartekatzen zuten, erne zeudela eta hiztunak segi zezakeela adierazteko. Bata hizketan eta bestea «baita»-ka ehuntzen zen harremana, nahiz eta esanak ez zuen bueltan inolako afirmazio berezkorik eskatzen. Konfirmazio soila zen.
Hedabideak dira egun beti berriketan ari direnak, eta gu entzule soilak gara, batzuetan gogo handiagoz, urriagoz besteetan, «baita, baita…» adierazi eta erretolikarekin segi dezaten baimena ematen diegunak. Eta hedabideek —zenbaitek behintzat bai— gero eta bide ugariagoak dituztenez, orduan eta xeheago kontatzen digute kontatu nahi digutena.
Zerbait larria gertatzen denean, informazio zaparrada izugarria izaten da. Alpeetan erori den hegazkinaren kasuan, begi-belarriak erne samar eduki dituen orok daki non abiatu zen hegaldia, nora zihoan, ze atzerapenekin abiatu zen, ze altueratara igo zen eta zenbatera jo zuen mendi-hegala; badaki jada pilotuen kabinari buruz —nola ireki, nola itxi, ze botoi kalka eta ze botoi jiratu, kodeak zenbatero berritzen diren— aire-ingeniari batek adina; badaki gutxi-gehiago hegazkin gidariek gainditu beharreko azterketa psikologikoetan ze galdera sortari egin behar izaten dioten aurrea; badakizki Alpe mendien inguru horretako herrixken izenak; badaki hildako askoren bizimoduaren berri, bata sindikalista, ezkonberria bestea, kamioia erostera zihoana urlia eta opera kantaria sandia. Jakin asko dakigu. Beldurra emateraino ia, aintzat hartuz gero ez garela «baita»-ka ari garen entzule arretatsuak bainoago, edukatuak. Egia da hedabideen zaparrada horrek eskaintzen digula lagunartean ateratzeko moduko hizpiderik ere eta egunotan ez direla gutxi izango psikologoen laguntza zenbateraino den onuragarri, hildakoen senitartekoak istripu tokira hurbiltzeak zauria arindu edo zornatu egiten duen, edo ziurtasun neurriek askatasuna murritz dezaketeen eztabaidatuko dutenak. «Baita»-ka arituko gara orduan ere ordea, topikoari topikoa erantsiz eta hedabideek topo egin dezagun nahi duten punttu hartanxe. Inor gutxik jarriko du zalantzan munduaren neurria eta norbere bizimoduarena.
Beti ibili izan da pertsona batetik bestera. Nomada izatetik sedentario izatera igaro zelarik bizileku bat kokatzera jo zuen. Joandako tokian etorkin bazen ere bizi zen tokian egingo zuen lan. Gure gurasoentzako oso arrunta zena gure belaunaldiarekin aldatzen hasi zen. Herritik lanerako mugitzen hasi ginen, gehienean oso urrutira ez bazen ere. Egun berriz, mugikortasunak ez du mugarik ez jende kopuruz eta ez hurbil-urrunari dagokionez.
Jakineko kontua da krisi egoera ere badatzala mugikortasun sukarraren oinarrian. Baina ez da hori bakarrik. Urrutikoa ere eskueran dagoenez, behar izateaz gain ahal dugunez, mugitu egiten gara. Eta ahalduntzearen kontzeptua bera hizkuntzen gatazkari edo genero kontuei aplikatzean ulergarri bazait, ez zait belarrira hain goxo sartzen, esaterako, mugikortasunari gagozkiola. Txoko-maitea izateak zoko zaporea baino ez dakarren garaiotan, neu halaxe naizela nahi dut egin aldarria, beti «baita» erantzuten gogaitua. Biaje-agentzia batena izan daiteke, gaur egun inolako gezurrik esan gabe, Paris bertan! leloa. Aukeran nahiago nuke ordea aspalditxotik datorkigun Bertan Paris! hura. Bi hitzen ordena aldaketa hutsak nekez adieraziko du hain argi bi bizimoduren kontrastea. Orain zuoi dagokizue, hizpidea lakar ez etete aldera bada ere, burua goitik beherantz mugitu eta «baita, baita…» esatea.

PLAZATIK
Baita, baita...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu