andoni egana
PLAZATIK

Barkatu ondo esanak

2016ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Egungo albiste uholdean ezerk atentzioa ematea ez da samurra. Ez dakit uholdea geuk bilatzen dugun edo harrapatu egiten gaituen norbaitek hala komeni dela erabaki duelako. Hainbeste albiste, hain elkarren segidan eta hain nahasian jasotzeak denbora kentzen digu gogoeta tarte bat zerk merezi duen eta zerk ez bereizteko eta merezi dukeenari eskaintzeko. Halere, beti geratzen da hari-muturren bat tiraldia merezi lukeela iruditzen zaizuna.

Euskara eta hirigintza lotzen dituena izan da albiste horietako bat. Lurraldea eta Hizkuntza. Oraina&Geroa III. jardunaldiakaurkeztu zituzten ostegunez Gipuzkoako Foru Aldundiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, Kontseiluak eta UEUk. Jardunaldi horien baitan hirigintza eta euskararen arteko harremanaz arituko dira. Atentzioa eman dit. Begien bistan zegoen gai bat zen baina duela gutxi arte inor gutxik —Iñaki Muruari irakurri nion aspalditxoko Argia batean hiritik herri txikietara aldatzen zirenek sortzen zituzten harreman desorekei buruzko artikulu bat— aintzat hartzen zuena. Eta eredugarri iruditu zait gaiaren beraren ibilbidea. Korapilogune bat badela zehaztu lehenik eta arduratzen hasi; ondoren, sinetsi gaia landuz eta tresna egokiak erabiliz irtenbideak topa daitezkeela; eta azkenik, irtenbide horiei dagozkien legeak onartu. Arrazoi du Mikel Irizarrek: duela mende erdi «exotikoa» zen hirigintzari eta hiri-ordenamenduari buruz aritze hutsa. Orduan ertzeko zirudiena muineko bihurtu da orain. Beste hainbeste gerta daiteke hiri-hizkuntza kontu hauekin. Azken batean, puzzlerik zailenak osatzean ere ertzetatik hastea izaten da erdigunera iristeko modu eraginkorrena.

Atentzioa eman dit Espainiako amarik ezagunena bihurtu omen den emakumearen kasuak ere. 536.000 lagun pilatu ditu bere Youtube kanalean, 200.000 jarraitzaile Instagramen eta 100.000 Facebooken. Sei umeren ama da eta haur horien haurdunaldia, jaiotza, eguneroko bainua edo parkeko jolasaldiak grabatu eta zabaltzen ditu, itxura denez «arrakasta» handiz, esaterako 2,6 milioi pertsonak ikusi baitute bere azken erditzea. Ez dakit bikiak jaio izanak zifrak bikoizteko balio izan dion. Lutxo Egiari irakurri nion, intimitateak indarra galdu duela eta «extimitatea»-ren jendartean bizi garela. Honek ere ez zuen arrazoiaren faltarik. XXI. mendeko artista berriak emakume honen tankerakoak dira. Izan ere, artea bada norbere pentsamendu eta sentimenduetatik zerbait sortu eta zerbait horrek zirrara unibertsalagoa lortzea, norbere burua hainbesteraino erakutsi hutsez lortzen duenak ere badu zerbait artistatik.

Aznarrek eta Botellak bezalatsu. Harritu egin nau albiste honek ere. Galdu-gordean edo azaldu da Famaztella izeneko enpresa bat, (Familia Aznar-Botella hitzen zatiz osatua, noski) euren hitzaldi, unibertsitateko jarduera eta liburu argitalpenen mozkinak kudeatzeko sortua. Enpresa horrela izendatu izana ez da delitu baina pista handiak eskaintzen dizkigu. Nik, enpresa izendatzeko irudimen mugagabe hori erabili duenari ez nioke etxepeko batzarrak zuzentzeko gonbitea ere egingo.

Zutabearen kondarrera iritsita, bada beste gauza bat atentzioa eman didana. Espainiako Diputatuen Kongresuko presidentetza lana bukatzeko Patxi Lopezek izan duen moduak. Oso bertsolari azaldu da Madrilen azken agurrean. Euskaraz bota du «ondo esanak gogoan hartu, barkatu gaizki esanak» ezaguna, eta gaztelerara ekarri du berak ondoren. Buru bihurriren batek pentsa dezake joateko era baino harrigarriagoa dela beti Patxi Lopezen iristeko modua, gehiengoa izan gabe lortu baititu lortu dituen goreneko postuak. Edo kontuak bihurritzen hasita, dena ipurdiz gora dagoen jendartea errepresentatzen duen leku batean egokiagoa litzatekeela akaso esaera berari ere buelta ematea: «Gaizki esanak gogoan hartu, barkatu ondo esanak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.