Edorta Jimenez.

Haren amets bete gabeak gogoan

2023ko azaroaren 19a
05:00
Entzun

«Bizkaiko itsasoa handia da. Kostaldetik eskuinetarantz, Frantziako Bretainiaraino heltzen da. Eta ezkerretarantz, Espainiako Galizian amaitzen da. Bi puntu horien arteko itsasoa ingelesek Bizkaiko Golkoa deitzen dute. Eta izen hori mundu guztian zabaldu da. Euskaldunok nola deitzen dugu gure itsasoa? Nik dakidala, herriak ez dio aparteko izenik ematen. Gure mandako itsasoa deitzen dute bermeotarrek. Horregatik, izen berri bat ematekotan, Bizkaiko Itsasoa eman behar genioke, eta ez, euskal idazle gehienek egiten duten bezala, Kantauri Itsasoa».

Imanol Berriatuaren hitzak dira, Bilbon, 1962.eko irailaren 5ean, Anaitasuna aldizkarirako sinatuak. Hitzok idatzi zituenak, berak aipaturik diren bermeotarrekin jardun zuen. 1956 eta 1965 urte tarteko Dakarreko kanpainak iritzi zitzaien haietan hain zuen. Anaitasuna hartantxe eman zituen itsasote haien berri idazleak. Izatez ere bera zen pentsalari independentearen senaz, bizipenak ez ezik, hausnarketak ere plazaratu zituen.

«Aintzina egitada haundiak egin zituzten [idatzi zuen Freetwonen, 1963.eko urtarrilaren 24an], Ternua aldera baleatan joaten ziren euskaldun arrantzaleak. Gaur egunetan beste horrenbeste edo gehiago egiten ari dira, Mendebaldeko Afrikara atunetan datozenak. Gauza guztiz egokia izango litzateke, norbaitek hemengo arrantzaleen historia inoiz egingo balu».

Ez dut uste historia hori egin denik. Egin da bai haiei buruzko kontakizunik, gehienetan zenbat ontzi, noiz abiatuak eta noiz itzuliak, zenbat tona harrapatuak, eta halako estatistikak aipatuz oro har. Haatik, egin gabe dirau Imanol Berriatuak aldarrikatu zuen historia. Horren ordez hortxe dugu, estatistikekin behin edo behin tartekaturik, horren premiatik salbatzen gaituen gure arrantzaleak sintagma magikoa. Norenak? Itsasoko langileak ziren, eta inondik ere ez ez-proletarioak hain zuzen. Imanol Berriatuak berak ere izen sintagma horretara jo bazuen ere, ez dut uste paternalismoz egin zuenik.

«Gure arrantzontziak txikiegiak dira hemengo klimarako [urtarrilaren 12an Freetownen]. Bero larregi egiten du hemen. Gure barkuak ez dira itsaso hauetan ibiltzeko erosoak (...) ezin da ondo lorik egin gure etzangeletan. Eta hala ere hona datoz gure arrantzaleak (...) Hortaz gainera, gure ontzietan gauza guztiz gaitza da garbitasuna. Beti lanean, beti atun odol artean, ur geza eskas. Horrela, soinekoak ezin garbi eduki. Eta, inoiz garbi dauzkagunean, beti tximurrez beterik».

Fraidea zen aldetik, behin, arrantzaleekin bizi izandakoak Bermeoko frantziskotarren pulpitutik salatu zituen. Behin baino ez. Ez zioten bitan hala egiteko biderik eman. Are, Anaitasuna aldizkariaren zenbaki bakoitzeko ehun ale hartzen ziren herri batean, ez zuen izenik eman, bat bera ere ez hartzera igaro ziren.

Anaitasuna-ren bilduma hemerotekan dago, zorionez, euskarak hari zor dionaren lekuko. Zor horren zati bat Imanol Berriatuarekikoa da. Euskara batuaren ametsa Dakarreko urteetan umotu zitzaion, hain segur.

Begiak Lau
IRATI EGURENEN ILUSTRAZIOA

«Hor, Euskal Herrian [idatzi zuen Kanarietan, 1961.eko martxoaren 4an], aspalditik dabiltza jakintsuak euskararen batasuna bilatzen. Datozela Dakarrera, eta ikus dezatela nola egin duten zorioneko batasun hori bertoko euskaldun arrantzaleak, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdikoek. Nik neuk zirkunferentzia txiki bat egingo nuke Euskal Herriko mapan. Barruan sartuko nituzke Donibane Lohizune, Sara, Elizondo, Bera, Oihartzun, Errenteria eta Pasaia, eta bertan bilatuko nuke, beste inora joan gabe, euskararen batasuna».

Urte hartan Donibane Lohizuneko 24 ontzi zebiltzan Dakarren arrantzan. Hirurehun eta berrogei gizon, gutxi gorabehera. «Harreman handia daukagu bermeotarrok beraiekin», idatzi zuen.

Euskararekiko kezka, Imanolen kezka nagusia zen, kristautasunarenarekin batera. Halaxe ageri da Dakarreko urte haietan idatzitakoekin paratu zuen Itsasoa eta ni liburuan. Horren barruan datozenen artean gogoan hartzekoa da, halaxe hartzen dut nik neuk, hark garbizaletasunari buruz eginiko gogoeta erabatekoa. Nola ez izan kezka hori, ustez euskara lohia edo zikina egiten zuten haien artean.

Ohi legez Anaitasuna-rako idatzi zuen orrian, 1961eko irailaren 24an, Euskal Akademiak bere laguntzaile hartu zuela zioen, eta horren harira eskerrak eman zizkien «euskaltzale jakintsuei, batez ere Federiko Krutwig jaunari». Eskerren motiboa?

«Orain hamar urte direla, euskara-garbizale nintzen ni. Sasoia hartan, Krutwig akademikoa ezagutu nuen Bilbon, eta jaun honek egiazko bidera ekarri ninduen. Berak erakutsi zidan, euskara ez dela aingeruen berbeta, haragi eta hezurreko gizonena baizik; ez izarretakoa, mundukoa baizik; ez laborategian egina, kaleko gizonak erabiltzen duena baizik. Berak erakutsi zidan, euskarak, bizi gura badu, eurrez eta beldur barik erbesteko hitzak hartu behar dituela, munduko hizkuntza guztien antzera. Ordurarte, ni euskara garbiaren esklabu nintzen».

Esker onekoen artean Imanolek Bermeoko arrantzaleak aipatu zituen; «euskara bizia irakatsi didatelako».

Imanol Berriatua Palestinan hil zen, Jerusalemen hain zuzen, 1981eko irailaren 15ean, hebreera hobetzen ari zela. Ez zuen nahi izan gorpua sorterrira ekar zezaten.

Bada, 2023ko urri madarikatu honetan, Oi! Palestina, Oi! Jerusalem, Bermeoko arrantzale ohien euskaraz gozatzen dudan era berean egiten dit bihotzak negar, haren amets bete gabeak gogoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.