Edorta Jimenez.
BEGIAK LAU

Teilak eta banderak

2023ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Izaroko gaina. Horra zazpi gizon kolorerik ez besterik igartzenez zaion bandera landatzen.Argazki oinak dioenez, gaztelaniaz, Bermeoko bandera da gizonok hor ezartzen ari direna. «Urtero egin ohi duten legez, uhartearen jabea bera dela berrestearren». Argazkia Vida Vasca aldizkariaren 1933ko urteko urtarrilaren bateko alean argitaratu zen. Beraz, eta ezinbestez, aurreko urteko Madalena egunean egina zen.

Argazkia ez da Iwo Jima hartakoa bezain epika-airekoa. Historikoki makina bat lekutan, eta makina bi aldiz, banderak eta jabetzak uztartu dituenetako beste bat da, kito.

Trapuaren mastak lekua zehazten du; haren koloreek eta brodatuek, holakorik badenean, lekuaz nor jabetu den adierazten. Haizeak nondik banderak bestera, lau omen diren haizetara.

Faxismoaren garai latzagoetan guri eskola-umeoi historia esketx edo koadro laburren bidez irakasten ziguten eta, nola ahaztu Kolon enpresa-gizon nabigatzailea zutik, argoi, estandartea eta gurutzea lehor-alde hartan landatzen, eta bertakoak burua makurturikbelauniko. Izaroko argazkiaordea lehenagokoa da. Artean, zorionez, Nazional Katolizismoaren sugea artean arrautza barruan zegoenekoa. Sugea, dena dela, etortzekoa zen.

Nazional Katolizismoaren esketxak bazterturik gogokoago Hollywoodeko filmak izaten joan ginenean, haietako askotan ere baziren batailak eta bandera landaketak. Ahaztu baino lehen argi utzi behar baita landaketak eta enparauak gerretan naiz gerraosteetan izan ohi direla maiz.

Bada, izan zen gerra bat, bai, Izaroko landaketa haren hurrengo urteetan.

Auskalo 1933ko argazkian ziren zazpiek ez ote zuten alde egin behar izan, porrokatuen artekoak zirelako. 1942an faxismoak landaketaren zeremonia berreskuratu zuen. Ñabardurak ñabardura. Zeren eta landaketa berreskuratzeaz gain faxismoak beste ipuintxo batzuk asmatu zituen. Horretan denen buru, Juan Irigoyen.

Juan Irigoyen, artxibozaina. argazkilaria, kazetari ustekoa, karlista porrokatua, gure etxe ondoan bizi zen. Hain zuzen ere berak egin zigun Familia Libururako argazkia, nire bizitzako lehena. Gogoan dut bizirik-bizirik unea. Argazkirako tartea ateratzearren aitak presaka jan zuen,Bermeora fabrikara itzuli behar zuelako. Hurrengo trenean. Gizonaren garrantziaz jabetzeko, esan haren etxe aurreko guneari Don Juan Irigoyenen plazatxoa esaten zitzaiola.

«Aurtengoan tradiziozko Madalena egunak berreskuratu egin du 1935etik hona galdua izan duen ikusgarritasuna», idatzi zuen 1942ko hartan Irigoyenek.Bere buruaren miresmenez idatzi ere,La Gaceta del Norte berean argitaratu baitzuen 1935eko kronika. Kronika txundigarria, Izaroren jabetza jokatuz egin omen zen estropadaren deskribapena egin zuelako, besteak beste.

Harritzekoa Irigoyenek, artxibozaina izanik, ez izatea eskura iturri fidagarriagorik «tradizioak dioena» topikoa baino. Irune Allika eta Bitor Uriarteren Bermeoko toponimia liburu fenomenalean irakurtzen ahal denarekin bat, Madalena eguneko erromeriaren usadioaren aipamena dakar Henaok 1641 aldera. Bermeoren jurisdikziokoak ziren Izaro eta Gaztelugatxe. Bost baina dokumentuek Irigoyeni. 1952an idatzi zuen artikuluan asmatzen ari zen. Ad maiori glori.

Hori bai, 1935ekoan ez zuen banderarena aipatu, 1942koan ostera bai. «Bermeoko gazte zenbaitek (...) masta ezarri zuen, loriazko bandera gorri eta beilegiarekin».

Harrez gero Irigoyen urtero ahalegindu zen egunkari hartan Madalenakoaz idazten eta era berean asmatzen. Halaxe, 1952an, egun ere egin egiten den teilaren zeremonia aipatu zuen, orain euskaraz esaten diren hitzak gaztelaniaz jarriz: «Honaino iristen diren Bermeoko itoginak».

Hurrengo urteetan Irigoyenek berakasmatua zen teilarena —honek zalantzarako tarte askorik uzten ez duelakoan nago— teorizatzen ahalegindu zen. 1960an, esaterako, «el echazón de la teja» sintagmanominala erabili zuen. Hurrengo urteetan sintagmaren erreferentzia ustez historikoez idatzi zuen, izan zitzan hark behar bezalako aditzak eta predikatuak.

Nobelagilea zen gizona, Los tremendos de Canala izeneko eleberria dugu horren adibidea. Bada, faxismoak irudimena eskertu beharko zion, alafede, begiak lau eginda ere inon frogatzerik ez dagoen teilarenaren harira Gobernadore Zibila eta beste Madalena eguneko erromeria «de interés turistico» deklaratu beharraz mintzo baitziren. 1967an hasita. 1970ean turista alemanak izan zirela zekarren urteroko kronikak.

Eta handik gutxira, gaur.

Familia-argazkia atera zigun hark errelato historikoen ordez esketxak eskaini zizkigun, badiot, herriaren bazkatzeko. Faxismoaren marka dena egun ere. Horretara estropadarena ez ezik Drakerena ere aipatu zuen, nola ingelesak Izarori eraso zion, eta abar. Horretan gero zuzenketatxo bat sartu zuen arren. «Drakerekin izaniko gizonek» eraso omen zioten Izarori. Jakin bide zuen ordurako gizonak Sir Francis hemengo uretatik urrun zela, hilik gainera, eraso izan omen zen 1596an.

Gaitz erdi? Ba ez. Gaitz osoa. Horrelakoak esatean garai hartan ontziak nola eta zertarako atontzen ziren jakin nahi ez izatea da. Enpresa kolonialei begirakoetan behinik behin.

Eta hemendik gutxira, uztaila.

Teilaren aipamenak gora, estropadarenak behera, jatorria zein den jakiteko biharamun bi kendu dizkidan txokolate zaharrari eragiten ibiliko dira kazetariak eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.