Lehengo zaharrek aldaera askorekin kontatzen zuten pasadizoa zen. Agindu dio aitak mutiko gazteari lanen bat egiteko eta joan da hau. Ezin asmatu ordea lanari nola ekin eta itzuli da aitarengana galdezka. «Aita, ezin dut. Ez dut asmatzen esan didazuna nola egin. Lagunduko didazu?». Aitak buruaz ezezkoa egin zion irribarre azeriaz batera. Semea, mainaz eskas eta mainati azaldu zitzaion. «Nola nahi duzu egitea, zuk erakusten ez badidazu?». Eta aitak orduan eman zion epaia: «Hoa eta egin nire esana. Beharrak erakutsiko dik!». Horregatik esaten da beharra dela irakaslerik onena.
Euskal Herrian, eta euskarari dagokionez, beharrik eza izan dugu areriorik txarrena. Hemen, jakinekoa da, euskararik ez zekienak ez du ikasteko beharrik sentitu. Garai batean, euskaldun elebakarrak bazirenean, eta botere politiko bortxazkoaren ideiei men, bertako edo kanpotik zetorren erdaldunak baserritar atzeratutzat jotzen zuen euskaraz brasta brasta eta gazteleraz aski kostata eta totelka egiten zuena. Toki jakin batzuetan izan ezik, ekarritako hizkuntzarekin ongi moldatzen ziren, bertakoaren beharrik gabe. Gerora, kasurik onenetan eta ondorengo belaunaldiek hartu diote euskarari halako begirune bat, bertako hizkuntza delako, zaharragatik, eta ez dakit nik zergatik, baina hauetariko askok ere ez du beharrik sumatu ikasteko, azken batean pentsatzen baitute erdara guztion zerbait dela eta euskara zortedun batzuek sehaskatik eta saiatu eta buruargi batzuk euskaltegietan ikastetik lortu duguna.
Aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak hizkuntza kontuetan aitzindari izango den erabakiaren berri eman du. Norbanako eta Elkarte askok aspaldian buru-bihotzetan generabilen egitasmoa baino ez da. Baina hautsak harrotu ditu. Faxista, diskriminatzaile, taliban… hitzak entzun ahal izan dira aldundiak hizkuntza bat lehenestea erabaki duela jendarteratzean. Bazela garaia, pentsatu dut nik, askoren nahi eta gogo bakarkakoak erakunderen baten aldetik bermea izan zezan. Naturalen egiten duguna natural egitea da gutariko bakoitzaren lana, eta agintariena, berriz, erabakiak hartzea. Gainera, urteetako eskarmentuak erakutsi digu euskaldunak jende edukatua garela, geurea eginda ere, ulertu ez duenari beti laguntzeko prest gaudela, bai esparru pribatuan, bai publikoan. Baina herritar, politikari eta kazetariak —korte batekin erantzun kortea eskatzen duenari— beharra sentitzen hastea baino zantzu hoberik ez da, beharrik ezean balantzaren alderoa beti bera baita.
Eta datu bat: inoiz izan garen harroen behar genuke orain euskaldunok. Garai batean euskaraz egingo zuten, besterik ez zekitelako; edo norberak euskaraz gain beste hizkuntzaren bat jakinda ere, parez pare zegoenak beste hizkuntzarik bazekien ez zekitelako. Egun, eta horretan oinarritu behar luke gure harrotasunak, badakigu parean dagoenak beste hizkuntzaren bat badakiela. Eta horregatik, mintzatzen garen aldiero euskararen aldeko hautua egiten ari gara. Euskaraz ez dakiten erdaldun Euskal Herritarrek ez dute minutu erdi bakar bat ere xahutu pertsonen arteko harremanean hainbesteko garrantzia duen gure erabaki horri buruz pentsatzen.
Duela pare bat urte berrogeitaka urte inguruko gizaseme baten kuadrillan egokitu nintzen Donostiako gunean. Bertan jaioa zen; Gipuzkoan egiten zuen lan, Deba inguruko enpresa bateko gerente. Nire lanbideari buruz berriketan, gazteleraz noski, euskaraz ez zekien eta, braustakoan bota zidan kirtenkeria: «Pero el euskera es una lengua muerta, verdad?». Lepa-zainak hatzak baino lodiago, ez erantzutea erabaki nuen. Berak ere bazekien hori gezurra zela. Baina hala pentsatzea komeni zitzaion bere ganoragabekeria eta elebakartasun penagarria babesteko. Orain, Foru Aldundiko atean irudikatzen dut, segur aski oker gidatu duen lantegia zulotik ateratzeko diru-laguntza eske. Ikusiko du zeinen hilda dagoen euskara!
Batek baino gehiagok esango du herritarrak «behartzen» ari garela. Nik esango nuke «beharra sortzen» ari garela eta aldi berean gure beharrak bistan ipintzen. Alde handia dago.
Plazatik
Beharra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu