Abuztuaren 8an hasten dugu urtero txanda eta, gorabeherak gorabehera, aurten ere igo dira autobusera hamarnaka gazte lotsatu, eta hasi gara kantuan. Hasieratik nabaritzen da zein datorren bakarrik, zein den beteranoa, zein etorri den lagunak zetozelako. Hamahiru-hamabost urte dituzte, eta ja ez dira hain umeak. Aurten bereziki asko dira proportzioan aurreko urtean ere gurekin izandakoak. Guretzat urte arraroa izan bada, beraientzat ere bai. Euren azalean bizi izan zuten zerbaiti buruz aritu dira helduak hizketan, medioak eta politikariak zalapartaka, eta uste dut gure edozein egun tematikok baino hobeto irakatsi dietela nola funtzionatzen duen honek; nola desitxuratu daitekeen hainbeste norberak bizitakoa; nola bihurtzen den gezur bat egia; nola sortzen den munstro bat.
Ni ere urduri etorri naiz aurten, eta guraso pila bat esker on aurpegiekin aurkitu ditut autobus geltokian. Etxe berri batera etorri gara ikasturte amaigabe baten ostean. Polemika, abokatuak, errekurtsoak, egoitza elektronikoa, aldundia, ezjakintasuna, zurrumurruak, isuna, debekuak, presioa, erabakiak, bilerak, lantaldeak, komunikatuak, prentsaurrekoak, elkarrizketak.. Zurrunbilo batean sartzen zaituztenean kostatu egiten da lurra ukitzea.
Gosariko Maria galletak, zelai errea, kantuak, ezagutza jolasak, pure berdea, kexak, fruta. Kafe-Kafe, aurpegi margotuak, bronkak, mozorroak, garbiketa, labadorak, pure laranja, bandera jolasa, pistolero, gaubeila, gauetako linternak, bilera amaigabeak eta logura. Aurkitu dugu lurra.
Kafea hartu eta ezin esnatuta nago gaur ere, atzoko bilera ordu batzuk luzatu baitzen berriro. Haien arteko gatazkak, botere-harremanak, bazterketak, taldean nola dauden, janariarekiko harremana, lotsak, motibazioak… horiek guztiak komentatu eta pentsatzen ditugu gauero, besteak beste.
Ez da erraza irakatsi dizkiguten dinamikak haustea, egitura oso bat kontra dagoenean gauzak beste modu batera egin daitezkeela ikusaraztea. Autoritatera ohituta dauden gazteei asanbladetan antolatzen laguntzea, autonomia eman eta udalekua aurrera ateratzea, binarismoa hain errotuta dutenean eskemak haustea, begirale gizonik ez dugunean mutilek gu erreferentetzat hartzea, ligoteotik kanpoko harremanak eraiki ditzaten sustatzea, euskara kontzientziatik egin dezaten asmatzea… Baina hemen gaude, hamasei egunez lo gutxi egin, gazteen drametan sartu, eta batera ikasteko lanean.