Goizeko zazpietan esnatzen zen egunero, kafe bat hartu eta lanera. Aurreko egunean prestatutako tuperra eta kiroleko arropa poltsan sartu eta lanean zortzi ordu igaro. Bueltan, arratsaldea aprobetxatzeko, gimnasiora joan eta han pare bat ordu pasatzen zituen. Erosketak egin, etxera iritsi, korrika bilera online batera konektatu eta gero, afaria prestatzen zuen bitartean, laneko kontuak errepasatzen hasten zen, hurrengo goizean ahalik eta azkarren ixteko egun hartan egin gabe gelditutakoa. Poltsa ireki, arropak garbigailuan sartu eta tuperra garbitu, eta hurrengo egunerako prestatzen zen. Repeat, repeat, repeat. Asteburua iristerako mendia, poteoa, bi bilera eta parranda. Automatikoan bizi zen, eta egun batean krak egin zuen, ordura arte ez ikusiarena egindako ondoez guztiak batera etorri ziren.
Agenda bete, oporrak planifikatu, kulturklik, bilerak, instagram, sanjoanak, karmenak, madalenak edo andramariak, kirola, alkohola... frenesia bilatzen dugu, eta jaustea ekidinezina da. Zenbat eta gorago igo, gogorragoa da erorketa. Zenbat eta agenda gehiago bete, jasanezinagoa da hutsunea. Ebasioa beharrezkoa da. Denok okupatzen dugu burua deskonektatzeko, ahazteko, eta eskerrak horretarako baliabideak ditugun. Ez dakit non dagoen beharrezko ebasioaren eta ebasioan bizitzearen arteko muga. Zeure buruarekin bakarrik egoteak beldurtzen zaituenean lehen seinalea dela esango nuke, etxera ez iristeko edozeinekin eta edonola luzatzen duzunean eguna, edo gaua. Zuloa ezagutzen duena zuloaren beldurrez ebaditzen da.
Hala ere, ezin da betirako ekidin, ezin da beti ihes egin, eta ebasio-tresnak bukatu eta bakardadeak jaten gaitu.
Ezin dira ebasio-tresna batzuk demonizatu eta besteak goratu, ezin da pentsatu triatloiarekin edo mendi maratoiekin obsesionatuta dauden aitak osasuntsu daudela, eta asteburuero parrandan ateratzen direnak kritikatu. Obsesioa eta denbora betetzea, patroi bera azkenean.
Zergatik egiten dugun, zertarako, nondik ihes egiten. Agian gehiegi pentsatzea da. Bakoitzak egin dezala ahal duena.