Hondartzak beteta eta tenperaturak altu mantendu arren, bukatzen ari zaigu abuztua, eta goizetan tripak ohi baino estres handixeagorekin esnatzen hasi dira. Lana, ardurak, kurtsoa nola antolatu... Nahiz eta heldu gehienek kurtsoka ez funtzionatu, irailak aldaketa ekarri ohi du. Jendez, ekitaldiz, parrandaz, hondartzaz eta oporrez tapatu ditugun kezkak azaleratzen hasten dira. Itzulerak eta agurrak dira iraila, eta azken zutabe hau ere agur antzeko bat da.
Honelako espazio bat izateak ardura dakar berekin, ondo egiteko ardura, zerbait esateko ardura. Bertsotan ere antzeko zerbait gertatzen da, baina niri lasaitasuna ematen dit gaiak ni nonbait kokatzeak. Gai-jartzaileek ezartzen didate zeri buruz eman iritzia, kokatzen naute nonbait, eta bertsokideekin batera osatzen da elkarrizketa. Horregatik, erantzukizuna konpartitua dela sentitzen dut.
Hemen, orri zuri bat eta ni gaude. Edozeri buruz hitz egin nezake eta gai bat aukeratzeak beste gai guztiak ez hautatzea dakar. Nahi nizkizueke berba potoloak bota, kontzientziak piztu eta epika kantatu, baina uste dut batzuetan nahikoa direla esaldi laburrak, elkarrizketa txikiak, adi mantentzeko besteko zutabeak. Txikitik handira ere mugitzen dira kontzientziak, pizten dira kuriositateak, ezagutzen dira bizitza berriak. Horren erdiaren erdia egin badut zuetako baten batekin, poz-pozik noa hemendik.
Nik badakit zer igorri nahi dizuedan, baina ezin jakin nola jasotzen duzuen zuek. Ezin jakin egunkaria mugikorrean komunean irakurtzen duzuen, kafearen bueltan, lanean, edo altuan irakurri ohi diezuen zuen lagunei. Aldebakarreko komunikazioa da gurea, eta ordenagailuko teklatuan idazten ari naizen bitartean pantailaren beste aldean nortzuk zaudeten ez dakidan arren, bueltan idazten didazuenak asko zarete. Izan Whatsappez, Instagram bidez edo kalean, ederra da entzuna zarela ohartzea.
Agian zuk eta biok ez genuke sekula elkar ezagutuko honengatik ez balitz, eta horregatik agurtu nahi zaitut ganoraz. Opa dizkizut look aldaketak, opor ederrak, minek baldintzatu gabeko bizitza eta krisi existentzialak tarteka bakarrik. Hemen nire azken hitzak zuretzat, zuentzat. Agur, edo hurrengora arte, batek daki.