Harrigarria da zenbait ekitaldik mundua nola gelditzen duten ikustea; izan eklipsea, izan futbol partida bat. Bertsolaritzaren bueltan gabiltzanoi Euskal Herriko Bertsolari Txapelketak antzeko efektua sortzen digu. Mundua ez da gelditzen, baina gure mikromundua guztiz aldatuko da abenduaren 20ra arte. Udazkeneko agenda begiratu, eta kilometroak aurreikusten ditugu, planak egiteko aukerak, gure bertso-lagunekin asteburupasak, bazkariak eta parrandak.
Zuetako gehienontzat irailean hasiko da txapelketa, eta batzuentzat aisialdi-eskaintza bat izango da, besteentzat egunkariko orri bat gainetik begiratzeko. Guretzat, aldiz, aspaldi hasi zen. Hilabete batzuk daramatzagu lagunekin elkartu eta bertso eskolak egiten, edo egiten ez dugulako prokrastinazioaren kulparekin oporretan. Askok galdetzen diguzue ea nola entrenatzen garen, oholtzan ikusten denaren atzean zer dagoen, eta askotan geuk ere ez dakigu zer erantzun.
Gaiak jarri eta bertsotan egiten dugu, saioetan bezala, eta komentatu. Balioko ote duten ere ez dakigun errima-zerrendak egiten ditugu koadernoan, bertso-kideen bertsoaldietako errimak eta puntu interesgarriak apuntatu koadernoan, eta munduari begiratzeko modua aldatzen dugu hilabete batzuetan. Dena bilakatzen da bertsotarako baliagarri: edozein elkarrizketa, hitz bat errima bezala, albiste bat… dena 7-6an edo 10-8an jartzen saiatzen gara, gai orori buruz iritzia edo zer esana izaten, zer interesatzen zaigun erabakitzen…
Zailagoa da gai bati buruz ikuspuntu interesgarri bat izatea bertsoa bera osatzea baino, eta lan gehiago eskatzen du: begirada bat, ahots propio bat. Halako plazetan diskurtsoak, iritziak eta errealitateak mahaigaineratzen dira, eta halako bozgorailu bat izatearen erantzukizuna dugu gure gain.
Bozgorailu hori beren izena edo beren lagunena puzteko erabiltzen dute batzuek, entzun ditzakegu jada saioetan edo osteko potean «Y topera dabil» bezalako komentarioak; egia bihurtzeraino sinisten dituzten zurrumurruak. Baina kontua ez da soilik nor gailenduko den eta nor geldituko den lehiatik kanpo, baizik eta kolektiboki ze diskurtso erreproduzituko ditugun eta zeintzuei kontra egingo diegun. Helburu kolektiboak handiagoak dira norberarenak baino, eta horrek kideekin elkartu eta erabaki batzuk hartzea eskatzen du.
Guk ahal duguna egingo dugu, eta uste dut gauza politak ekarriko dituela udazkenak.