Haritz Larrageta

Ez zegoen beste inor?

2026ko abuztuaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Argitaletxe batean euskara ikasteko eduki didaktikoak sortzen hasi nintzenean, inbidiaz akaso, halaxe bota zidan ustezko laguna zen irakaskide ohi batek: «Eta ez zegoen beste inor?».

Nire buruarekiko konfiantza ez da inoiz sobera sendoa izan, eta halako ekarpen zoragarri batek, bistan denez, ez zidan batere lagundu. Hori gabe ere, argitaletxean lankide nituen fenomenoen aldean txiki sentitzen nintzen ni eta, inoiz aitortu nien bezalaxe, zalantza nuen iruzurtiaren sindromeak jota nenbilen ala iruzurti optimista baino ez ote nintzen. Autoestimua apur bat zaintze aldera, lehenengo aukerari lotzea erabaki nuen.

Udaberrian, eskola batean, idazle izanda zer sentitzen nuen galdetu zidan irakurle gazte batek. Kax-kax egin eta ikasgelako atea ireki zuen atezainak, iruzurtiaren sindromea behean zain nuela jakinarazteko. Banekien hala zela. Ez nekiena zen nola demontre eskapatu ote zen autoko maletategitik; ederki bilduak nizkion eskumuturrak eta orkatilak zinta amerikanoaz. Jaitsi nintzenean, hor zen, eskolako sarreran, irribarretsu, ezpainetara marianito bat eramaten. Laugarrena zuen eta, ondorioz, bueltan niri tokatuko zitzaidan gidatzea, beste behin. Horretarako ere ez du balio sasikume horrek.

Gurpilak apur bat baxu nituela esan, abiadura mantsotu eta gasolindegi batean gelditu nuen autoa. Pneumatikoak pixkatxo bat puzten nituen bitartean, pare bat foskito erosteko dirua eman nion. Ikaragarri maite ditu foskitoak. Dendan sartu eta berehala, autoan igo, martxan jarri eta alde egin nuen. Kilometro bat egin aurretik ikusi nuen atzerako ispiluan, korrika, ikaragarri dopatuta dabilen robot bat izango balitz bezala, bazterbidetik autoak eta kamioiak aurreratzen. Amore eman eta, keinukaria jarrita, berrehun metrotara zegoen atsedenlekurako bidea hartu nuen, burumakur. Autoraino heldu zenean, atea ireki, eseri eta nire foskitoa luzatu zidan. Apur bat zanpatuta bazeuden ere, jan genituen, aurrera begira, elkarri ezer esan gabe.

Aguantatu behar. Baina, azkenean, kariño apur bat ere hartzen zaio. Maskotendako kuxin handi horietako bat erosi nion aurreko astean, sofara igotzeagatik txakurrarekin borrokatu ez dadin. Gezurra da: ez daukat txakurrik.

Kontua da hemen izango nauzuela abuztuan, astean bitan. Ez omen zegoen beste inor.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA