Alexek esan dit balantzan jarrita jada ez duela merezi parranda egitea. Biharamuneko bestondoarengatik ari zitzaidan. Etxean ditugun haur txikiengatik eta biharamunak dagoeneko ez duelako ordu batzuk irauten. «Ongi pasatu genuen, ezta?», galdetu nion nik eta hark erantzun: «Uste dut baietz».
Testuinguru pixka bat emate aldera: herriko festak izan ditugu berriki.
Duela urte batzuk, kilimak sentitzen genituen sabelean festen bezperan, eta azkeneko eguna heltzean, zergatik beste pare bat egun gehiago ezin ziren luzatu galdetzen genuen. Garai batean, gure herriko festak orain baino askoz motzagoak izaten ziren.
Baina itzul nadin Alexengana. Haren ekuazioan, biharamunaz gain, gaua bera ere aipatu behar genuke. Gutxi ateratzen gara orain gauez, erraldoiak eta buruhandiak noiz diren begiratzen dugu egitarauan eta haietan aspertzen gara. Baina, gauez ateratzen garenean, dagoeneko ez ditugu ezagutzen tabernetan eta txosnetan jartzen dituzten abestiak. Ia igualak batzuetan eta besteetan. Ez dakizkigu abesti horien letrak, eta ez dakigu horregatik poztu egin behar dugun, edo tristatu (eta, bat-batean, dame mĂ¡s gasolina… jarri zuten txosnetan. Hori ezagutu genuen, eta ez genuen jakin horregatik poztu behar ote genuen, edo tristatu).
Parranda aldatu da. Gu aldatu gara. Zahartu gara. Gaua dagoeneko ez da gure habitata. Orain, beste izaki batzuena da. Gu baino gazteagoena. Haiek ederki pasatzen jarraitzen dute —guk garai batean bezala— guretzako ezezagunak diren abestiekin, guri aspergarriak iruditzen zaizkigun doinu errepikakorrekin. Aniztasuna falta da, errepikatu genuen mantra gisa, baina gurea bezalako herri batean gaur egun modan ez dagoen musika jartzen duen taberna batek ez lukeela funtzionatuko ere argi genuen.
Hau ez da Alexen kontua, baina pasatu berri diren gure herriko festek parrandan hozkia ematen didan gauza bat badela konturatzeko balio izan didate: atzeko borobiltxoan tokatu zaizunaren ile luzea zure bizkarra ukitzen.
Baina erraldoi, parranda frustratu, ogitarteko eta arin-arin eta fandango gutxi batzuk dantzatuta, azkenean, bukatu zaizkigu herriko festak. Eta hori poza Alexena eta nirea, aizue.
Ezin uka: garai batean, gure herriko festak askoz motzagoak izaten ziren. Eta Alex eta ni, gazteagoak.