Haritz Larrageta

Jaia!

2026ko abuztuaren 6a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gasteizko jaiak dira orain. Tamalez, ez ditut inoiz bizi izan. Sanferminak, aldiz, bai. Eta gauza bera izango ez diren arren, era horretako aisialdia sufritzen dugun bizilagunokin enpatia apur bat eskatu nahi dut gaurkoan.

Iruñeko Alde Zaharra maizegi da zikina eta zaratatsua, baina sanferminetako bederatzi egun horietan izerdi, txiza eta alkohol zapore sarkorra duen zalaparta da.

Egunez bero itogarria egiten du eta gauez ezin duzu balkoirik zabaldu, txaranga bat sartuko baitzaizu logelaraino. Aukerarik onena kalera ateratzea eta parrandara batzea da. Baina, zer egin lan egin behar baduzu? Zer egin seme-alaba txikiak baldin badituzu? Zerbitzu sozialak tonto jartzen zaizkizu azkenaldian, umeak etxean abandonatuta, egunsentira arte alkoholizatzera ateratzen bazara. Horrenbestez, alde egitea besterik ez duzu. Eta hala egin dugu aurten, beste behin, lan egin behar zuen bikotekidea gudu-zelaian utzita. Gajoa. Gu hondartzan eta bera barraren beste aldean, mareak ekar zezakeenari aurre egiteko prest.

Uztailaren hamalauan itzuli ginen, hamabostean lan egin behar nuelako nik. Gaueko hamabietan, Gaixoa ni delakoak festari amaiera ofiziala eman bazion ere, ordu bietan txaranga bat zen etxe azpian, Quiero montarme en tu velero jotzen. Asteartea eta hurrengo egunean goiz jaiki behar. Ulertzen dut jendeak bederatzi eguneko festa luzatu nahi izatea, baina txaranga batek egon behar du etxe azpian?

Haserre nintzen. Jakin nahi nuen zer gertatuko litzatekeen beste auzo batera, jaietatik kanpo, gaueko ordu bietan txaranga batekin joango banintz. Lezkairura, adibidez. Sare sozialetara jo nuen: Mastodon, egin ezazu zure magia!

Txaranga bat errekrutatzen saiatu nintzen Lezkairura joateko, hamabostean bertan, Yo quiero bailar eta parekoak jotzera. Han ginen, lezio bat emateko prest, eskola garaiko txirula eta biok baino ez. Jotzen hogei bat segundo neramatzala, pertsiana altxatu, leihoa zabaldu eta udaltzainak deituko zituela jakinarazi zidan bizilagun adeitsu batek, irain artean. Abailduta, auzora itzuli nintzen. Espaloietan, artean, txizen kiratsa eta otordu askoren rewind bortitzen arrastoak; parkean, mozkorrek erauzitako zabuen hutsunea, eta Estafeta kalean, erloju bat, hurrengo apokalipsirako falta den denbora iragartzen duena.

Gutxiago falta da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA