Goiatz Labandibar

Kuadrillaren alde

2026ko abuztuaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kuadrilla omen da euskal fenomeno erabat endogamiko bat. Kalimotxoa eta txosnak baino gehiago; aurreskua eta Marijaia baino. Antropologiak oraindik ez du kuadrillaren atzeko katramila askatzea lortu, zientziari ihes egiten dio kuadrillen fenomenoak. Denok dakigu kuadrilla zerbait itxia dela, ia ezinezkoa kuadrilla batean sartzea, kide izateko izendapena betierekoa eta besterenezina baita. Eta kuadrillarik ez izatea dela egon daitekeen gauzarik bazterrekoena.

Kuadrillaren madarikazioari buruz ere hitz egin genezake. Kuadrilla ez da aukeratzen. Familia bezalaxe da. Egokitu egiten zaizu. Jaio zara urte konkretu batean, herri edo auzo zehatz batean, zure gurasoek erabaki dute (edo ez) non eskolatuko zaituzten eta hantxe topo egin duzun (gehienetan) zure genero bereko horiek izango dira zure kuadrilla. Per secula seculorum.

Hori bai, kuadrilla berriak sortu daitezke: seme-alaben gelako gurasoena; dantzakoena; gazte asanbladakoa… Horiek ere, hala ere, bihurtuko dira betiko kuadrilla bezain itxiak denborarekin, haiek bezain endogamikoak.

Nik eskerrak ematen dizkiot bizitzari topo eginarazi didalako kuadrillaz kanpoko lagunekin. Nire lagunik onenetarikoak ez ditut ezagutu bizi guztia esaten zaion horretan. Ezagutu ditut ikasle pisuan, ezagutu ditut lagun komunen bidez, eta orain, nire bizitzaren zati garrantzitsu bat dira, haiekin partekatu ditut mila momentu ahaztezin, lotu gaituzte hari sendo batzuek eta nire alabak osaba deitzen dio baten bati.

Esango nuke maiz hitz egiten dela peioratiboki kuadrilla kontzeptuari buruz. Baina orain eta hala ere, kuadrillaren aldeko aldarria egingo dut hemendik. Izan, badituelako gauza onak ere.

Umetako kuadrillan bakarrik da posible hain ezberdinak diren pertsonak elkartzea tolerantzia baten barruan. Bestela sekula elkarrekin otordu bat partekatuko ez luketen bi lagun, ideologia ezberdinetako etxeetan jaioak, ofizio antagonikoak dituzten gurasoen seme-alabak, botere ekonomiko oso ezberdinetakoak.

Nik ere badut herentzian egokitu zaidan kuadrilla. Gelakide edo mailakide izan ditudanak, urte berean jaio ginelako. Batzuetan irudi lezake ez genuela elkar aukeratuko bestela. Eta, hala ere, horien artean daude nire lagunik onenak. Badira nolabaiteko geriza bat, etxera itzultze bat, agian elkarrekin bizi izan ditugulako iniziazio asko, edo zilbor hesteak beti egiten duelako tira barrura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA