Supermerkatuko ilaran, betidanik, aurrekoek zintan jartzen zituzten produktuetan ipini izan ditut begiak. Kuxkuxero esan izan didate inoiz, baina jakin-mina da. Ez ditzagun terminoak nahasi. Antropologiaz ari gara.
Pelotazoak, rona, ardoa eta Coca Cola erosten dituzten gazteak: misteriorik ez. Pixoihalak, toallitak, makarroiak eta provolonea erosten dituen hogeita hamar urte pasatxoko gizon begi-zuloduna: zaila da bizitza berrira egokitzea. Krispetak egiteko artoaz beteriko kaxak eta kaxak erosten ari diren mojak: Fast and Furious pelikulen maratoia? Ziur ezetz, baina baietz pentsatzea nahiago. Eta, gero, badago prekozinatuak baino erosten ez dituen tipoa, nire faboritoa: gourmet-a.
Baina, aurreko astean, kutxa ondoan dagoen ispiluan ikusi nuen neure burua islatuta, izotzez beteriko poltsa bat eta dozena erdi arrautza eskuetan. Enkargua zen. Eta iruditu zitzaidan norbaitek nire erosketa ikustean epai okerra egin zezakeela. Azaldu nahi nuen zertarako ziren izotzak; zertarako arrautzak. Eta, are gehiago, ez zirela niretzat. Ingurukoen begiradak sentitzen nituen garondoan iltzaturik eta ezinegon apur bat sumatzen hasia nintzen.
Arratsalde osoa eman nuen buruari bueltak ematen; pentsatzen eta itzulipurdika. Eta, azkenean, gaizki egiten ari nintzela ondorioztatu nuen: ezin ditudala pertsonak beren erosketagatik epaitu. Ez da bidezkoa. Hamaika arrazoi dago norbaitek, testuingururik gabeko bizitzako une jakin batean, batere definitzen ez duen erosketa bat egiteko. Ardoa besterik erosten ez duenak ez du zertan alkoholikoa izan, eta baliteke Txakur patruilaren tarta daramanak seme-alabarik ez izatea. Aurreiritzien bitartez, nire auzokideen inguruko uste okerrak buruan ereiten eman ditut azken urteak.
Gaur, oso bestelakoa izan da nire jokabidea. Jendeak zer erosi duen begiratu dut, bai, baina inolako hipotesi edo epairik egin gabe: mojek barazki salda erosi dute; mertzeriako Alfontsok lau dozena garagardo; plazako Mariak dilistak eta txokolatez beteriko croissantak, eta hirugarren solairuko bizilagun berriak, beti agurtzen duen horrek, plastikozko poltsa handiak, lixiba, sokak, zinta amerikanoa eta laban handi bat. Baina ez ditut epaituko. Eta sentitzen hasi naiz, orain, nire auzokideekin harmonian bizi naizela.