Eivissan, bertakoak diren Pitiusetako sugandilak lasai bizi izan dira mende luzeetan zehar. Ez zuten harrapakaririk ezagutzen eta brisa mediterraneoari eskaintzen zioten beren burusoiltasun ederra. Baina, egun batean, sugeak agertu ziren, ezustean. Olibondoen enborretan joan ziren, itsasontziz. Sugandilak ez zeuden mehatxurako prest, ez baitzekiten ihes egiten, eta harrapakin errazegia izan ziren sugeentzat. Kanpotik joandako narrastiek bankete ederra egin zuten eta, era berean, ez ziren inoren elikagai bihurtu. Ondorioz, asko hazi eta ugaldu egin ziren. Gaur egun, gutxi gorabehera, irlaren %90 kontrolatzen dute. Horrekin aski ez eta igeri egiten ere ikasi zuten, inguruko irlatxoak okupatu eta bertako sugandilak jateko.
Sugandilek geroz eta toki gutxiago dituzte bizitzeko, eta desagertzeko arrisku larrian egon daitezkeela diote adituek. Hainbeste suge dira azkenaldian, non irlako baliabide naturalak agortzen ari diren. Akuiferoak urritu dira eta Santa EulĂ ria des Riu izeneko herritik ez da, dagoeneko, ibairik pasatzen. Euria egiten duenean uharra badute, behintzat, zubiari duintasun apur bat emateko.
Sugeek diskotekak, hotelak eta luxuzko etxebizitzak eraiki dituzte. Horren ondorioz, alokairuak eta oinarrizko produktuak ikaragarri garestitu dira. Ur gutxi eta zabor asko. Itsasontzi gehiegi inguruan. Gentrifikazioak auzo eta herrietako ia denda guztiak jan ditu eta sugeen hizkuntzak dira kalean gehien entzuten direnak.
Gauzak horrela, sugandila askorendako ihes egitea izan da bizirauteko modu bakarra. Euskal Herrira ere heldu omen dira. Eta, paradoxikoki, Pitiusetako sugandilak bertakoari lekua kendu dio Gaztelugatxen.
Aurreko astean Eivissara joan ginen, bikotekidearen familia bisitatzera, olibondo enbor hegalari batean. Sugeekin nahasi ez gintzaten, launa hanka ortopediko jarri genituen. Baina ez gara sugandilak. Neurri askoz txikiagoan, agian, baina gu ere sugeak gara. Ez dugu sugandilarik jan, baina hondartzetara joan gara, sugeen denda, kafetegi eta jatetxeetan kontsumitu dugu eta uraz larri dabilen irla batean dutxatu gara, behin baino gehiagotan.
Munduaren punta batetik bestera ordu batzuetan joan gaitezkeen garaiotan, zaila da bidaiatzeko aukerari bizkarra ematea, eta are zailagoa besteen ekosistemari ez eragitea. Baina saia gaitezen, behintzat.