Onintza Enbeita

Abegikorrak

2026ko uztailaren 29a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bizitzeko lekurik ez daukan jendeak okupatutako eraikin bat zegoen gugandik oso hurbil. Erosi egin dute. Gauza jakina da bertan egingo dituzten etxebizitzetan ezingo dela edonor bizi. Garesti salduko dituzte. Iragarkiek diote luxuzko etxeak izango direla. Aldran atera ziren etxetzat hartua zuten tokitik etxerik gabeak eta auzoko bideetan ibili ziren. Laster antolatu ziren auzokide zintzoak okupazioaren arriskuen jakitun: lapurretak, zikinkeria… zein erraz leporatzen diegun gu baino aukera gutxiago dituztenei gure aldean ondo bizi direnek egiten dutena. Zeren eta argindarra ematen diguten enpresek ostu egiten digute, eta gure kontura dirua egiten duten enpresek dena zikintzen dute. Bai, badakite atzetik etorriko direla erakunde publikoak eta garbitu beharreko guztia garbitu egingo dutela, baina hori besteen lana da: haiek dirua egiteko daude. Berdin dio. Guk jende pobrea ikusten dugu poltsa batean lau trapu zahar hartuta, eta Ertzaintzara deitzen dugu. Eta gero, guretik kilometro batzuetara kalean afariak banatzea debekatu dute. Donostiako espazio publikoan ezingo dira afariak banatu. Debekua Udalak ezarri du, baina jende bat pozik dago: lapurretak eta liskarrak sortzen omen dira jende txiroa afaltzera elkartzen den lekuan.

Gero etorriko zarete Euskal Herria harrera herria dela eta euskaldunak abegikorrak garela esatera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA