Onintza Enbeita

Abiadura

2026ko otsailaren 28a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Pozik eskatuko nioke otsailari beste egun batean egoteko. Inoiz ez zaizkit aski izan hilabete honek 28 egun izateko eman dizkidaten azalpenak. Nerabezaroan parrandatik etxera ordu erdi eskatzeko deitzen genuen moduan deituko nioke otsailari: «mesedez, geratu zaitez. Beste egun bat, bederen!». Otsaila joateak esan nahi du martxoa etorriko dela, eta ez dakit emozionalki prest ote nagoen udaberrian sartzeko. Pentsatzekoa da datozen asteetan zelaiak lorez beteko direla, eta zuhaitzek eztanda egingo dutela fruitu berrietan loratuz. Ederra da momentu hori, baina azkenengoz gertatu zenetik urtebete joan dela esan nahi izango du berriro gertatzeak. Egunak luze pasatzen dira, baina urteak labur. Udaberria badator, eta ni oraindik ilaje honekin. Egun batzuk baino ez ditut behar: neure burua konbentzitu eta pozera salto egin. Barre egin, eta margaritak biltzeko zapatilak jantzi.

Pozik eskatuko nioke otsailari gelditzeko apur batean; nahiz eta aurten gris eta ilun joan den. Martxoak apirila ekarriko du eta igarri barik hasiko da uda berriro, eta hasten den guztia bukatzen denez, neguak laster egingo digu kuku. Eta beste urte bat akituko da gure muturren aurrean. Nahiago nuke uda ere negua bezain astiro pasatuko balitz. Harrigarria da koloreak eta alaitasuna ze abiaduratan itzaltzen diren ikustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA