Onintza Enbeita

Ados

2026ko maiatzaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko ikastola batean izan nintzen duela egun batzuk. Bertsolaritzaz eta errimez ari nintzen ni umeekin. Ederto portatu ziren, baina beroa egiten zuen. Bezperan 4 urteko ume bat artatu behar izan zuten Bilboko beste eskola batean bero kolpea jasan zuelako. Gaiari bueltaka ibili naiz egunotan. Maiatzaren amaiera jasanezina izaten ari da gure herriko zenbait eskolatan, eta oraindik asko falta da ekainaren 19rako. Umeek ahal dutena egiten dute beroari eusteko, eta irakasleek zer egin ere ez dakite dagoeneko. Neurriak hartuko direla esan dute. Beroa gero eta azkarrago iristen zaigunez, orain arte eskoletan gertatzen ez ziren egoerak gerta daitezke orain. Leihoz beteta daude ikastetxe gehienak, normala denez: neguan argia behar izaten dugu. Askori jolastoki estalia falta zaie, eta umeek nonbaitera atera behar dute jolasera. Bai, hobeto prestatu behar ditugu ikastetxeak klima aldaketak ekarriko dizkigun behar berrietarako.

Bitartean, klima aldaketa ukatzen jarraitzen du gure lagun batek. Lehen ere izaten omen ziren honelakoak. Eta otsaileko hego haize hura? Halakoak ere izaten ziren. Amore emanda nauka. Ez dut eztabaidatzen. Orain, ordea, bere umeek eskolan izan ditzaketen arazoek kezkatu dute, eta umeek gure zergak haiengan gastatzea merezi dutela dio. Horretan ados gaude.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE