Nire ondoko laguna falta da azokan. Jendea haren galdez etortzen da. Xehetasun askorik gabe esaten diet gehienei min hartuta dagoela. Izan ere, zertan ibili den galdetzen didate batzuek, eta beste batzuek esaten didate behin adin batera ezkero ez direla lan batzuk egin behar. Denei entzuten diet, baina neure baitan pentsatzen dut gustatuko litzaidakeela hori esaten duten gehienen hurbilekoei galdera batzuk egitea. Izan ere, besteei nola eta zertatik babestu behar duten esaten badakigu, baina geuk pentsatzen dugu dena ahal dugula. Norberak ez du pentsatzen norberari ezer pasatuko zaionik, baina egunerokoan arrisku txiki asko hartzen ditugu. Lehengoan, konfiantza dudan bati esan egin nion: «Sukaldea garbitzen izan du istripua. Zuk ez al duzu, bada, halako lanik hartzen?». Baietz esan zidan. Asko pentsatu gabe igotzen dela bera ere eskailerara sukaldeko hormetako azulejuak garbitzeko.
Zahartzaroa onartzea zaila da. Gaixotasun jakinik izanik ezta ere, nork bere buruari mugak jarri beharra ariketa gogorra da. Are gehiago zahartzea saihesteko produktuak etengabe saltzen dizkigun gizarte batean. Baina alternatiba bakarra gazterik hiltzea da; eta hori ere ez dugu nahi. Inori aholkurik eman gabe ere, badugu bakoitzak nahikoa lan gure barruan denboraren iraganak eragin dituen ezinak onartzeko.