Amorrua ematen dit gure umeak aitari deitzen dionean. Irakurri dut lehen esaldia eta ez da guztiz egia. Amorrua ematen didana da gure umeak etengabe deitzen diola aitari. Edo hori da inguruak sinetsarazi didana. Ni hara eta hona nabilenez, plaza utzi ez dudanez, aitarekin ikusten dute umea. Esaten didatenez, beti: «Zuen umea beti dago aitarekin». Nik ere sinetsi egin dut hala dela. Niri ere iruditzen zait umeak beti nahi duela aita, hura dela bere erreferente bakarra, hura bakarrik maite duela, ni ez nagoela, ez naizela. Urte eta erdian askotan entzun dut umea beti aitarekin dagoela, baita babestu behar nindukeen eremuan ere. Gero neure burua konbentzitu egiten dut: umearen aita lanera joaten denean nirekin egoten da. Hilabetean 15 gauetan falta izaten da aita etxetik. Umea gaixorik dagoenean ez da inor etortzen laguntzera. Biok bakarrik moldatzen gara. «Lanera joatea ere aurpegira bota behar diozu?», galdetu zidan lagun batek. Lagunak. «Jakina ezetz!», erantzun nion: «Baina hori da zuek niri aurpegiratzen didazuena». Ez omen da berdina. Nirea ez omen da lana, edo ez lan arrunta, edo ez lana bakarrik.
Hemen goaz, bada, geure kulpa bizkarrean hartuta, itolarriz, aurrera. Lan egiteagatik ere errudun sentiarazten gaituen sistema bati lan esku berria sortzearen albo ondorioak izango dira hauek. Edo horrelako zerbait.