Harrezkero normaltzat hartu dugu aireportura goazen bakoitzean zapatak kentzea, edo erregistra gaitzaten, edo metal detektagailua pasatzea, edo poltsa ireki behar izatea. Ordura arte lasaiago ibiltzen ginen munduan. Irailak 11 zituen eta arratsaldeko 16:00 inguruan telebistak eten egin zuen ohiko programazioa: New Yorkeko dorre bikiak erretzen ari ziren. Harritu egin gintuen berriak, baina orduan ez genuen ezer zalantzan jarri. Orain ere gutxi. Egia da konspirazioaz hitz egiten duen jendea gero eta gehiago dela. Askok diote estatubatuarrek euren buruari egin ziotela eraso, gero beste jende baten kontra joan ahal izateko. Dena da posible. Dena da sinesgarria eta aldi berean ezin dugu edozer sinetsi. Kontua da arabiarrekiko mesfidantza handitu egin dela ordutik. Eraso haren osteko urteetan ezagun egin zaizkigu talibanak, jihada, otso bakartiak…
Nik ez dut konspirazioetan sinisten normalean. Beste gauza bat da zer eta zergatik den konspirazioa eta zer eta zergatik den bertsio ofiziala. Tira, konspirazioez harago, egia da ezagutzen genuen mundua aldatu egin zela, eta oraindik hala jarraitzen duela. Norbere buruaren kontrako erasoa izan, atentatua izan zein dena delakoa izan, guretzat beste zerbaiten hasiera ekarri zuen. Mende laurdena joan da, eta ahaztu egin zaigu zenbait gauza lehen nola ziren; baina baziren.