Ama eta lurra beti ari dira ematen. Hala esan zidan Felik. Umea zenean horixe entzuten ei zuen etxean, Baldatikan: «Ama eta lurra beti ari zaizkigu ematen». 90 urteak pasata dituen honetan, ez dio umetan entzundakoak hutsik balio: «Amari eta lurrari zeuk ez badiezu ezer ematen, agortu egiten dira». Hara zein hausnarketa gehitu dion gurasoengandik jasotako esaerari. Hala da: egun badakigu lurrak eskaintzen dizkigun baliabideak finituak direla nahiz eta betirako balira legez ustiatzen ditugun. Hor nonbait irakurri dut gaur Amalurraren Nazioarteko Eguna dela, eta Felik esandakoaz gogoratu naiz. Izan ere, mundu kapitalista zoro hau beti ari da amari, lurrari eta amalurrari eskatzen. Emateko ez dauka ezer, baina amari lan esku merkeez erditzeko eskatzen dio eta lurrari gero eta espazio gutxiagoan gero eta janari gehiago ekoizteko modua. Eta aldi berean, lurrak ematen duen janariaren zati handi bat zakarrontzira botatzen dugu munduaren alde honetan beste aldean gosez dauden bitartean. Ezerk ez dauka zentzurik. Ama eta lurra beti ematen gura ditu egungo munduak, baina zer eta norentzat ematen ari garen hausnartu behar genuke. Lurra agortzen ari gara.
Bestela, Xalbadorrek behinola euskarari kantatutakoa kantatuko dio norbaitek, noizbait, etorkizun ez hain urrun batean amalurrari: «Hemen da ama bat bere haurrek hila».