Ez dauka zentzurik, baina semeari esan egiten diot. Jendearen aurrean kasketaren bat badu, edo presaka nabilenean mugitu nahi ez badu… paperak galdu aurretik, «lagundu amari» esaten diot. Badakit berak ez duela ulertzen zertan lagundu behar didan. Seguruenetik neuk ere ez dakit, baina nik esan egiten diot. Bikotekidearekin eztabaidatzen badut umeari dagokion zerbaitetan, eta eztabaidatu dugun hori gertatzen bada, «lagundu amari» esaten diot umeari. Ez dakit zertan lagundu behar didan: aitarekin ez haserretzen, arrazoia izaten… lotsa ematen dit neure burua esaldi hori esaten harrapatzeak, baina atera egiten zait. Saihestu ezin dudan zerbait da. Umeak ez dit ezer zor, baina izango balitz bezala eskatzen diot laguntza.
Gure amarengan gustatzen ez zitzaizkidan gauzak lehertzen dira niregan: lagunei kritikatzen nizkienak. Ariketa kontzienteak egiten ditut gerta ez dakidan, baina lehenengo kaxoian daukaguna ez da pankartei helduta ikasi duguna. Lehenengo kaxoian, pentsatu gabe irekitzen dugun horretan, pentsatzen dugunaren kontrako joera asko daude. Lagun bat daukat esaten didana kontziente izatea dela lehen pausoa, eta horregatik ez du aldatzeko ezer egin nahi. «Konturatu naiz, beraz asko egin dut». Miresgarria da, baina marianito asko behar dira norbere burua horrekin bakarrik kontsolatzeko.