Kurtsoa amaitzen ari da dagoeneko. Sanjoanak berton daude. Ez ditut irailean neure buruari emandako agindu guztiak bete, baina igerian ikasi dut. Asko hobetu beharko dut oraindik, baina gai naiz flotatzeko eta negarrik egin gabe burua ur azpira sartzeko. Igeriketarekin izandako esperientzia eta neure buruari emandako beste zenbait agindu alderatuta, uste dut badakidala non dagoen frustrazioaren marra gorria: bete daitezkeen helburuak aukeratu beharrean, asmo handietara bideratzen dugu geure burua. Helburuak ez betetzeak, jakina, zigorra dakar: geure buruarekin gogorrak izatea, autoexijentzian gradu bat igotzea, geure urdaila estutzea… niretzat nahikoa zen burua ur azpian negarrik egin gabe sartzea. Berdin zidan igeri egiten ikasten ez banuen bederatzi hilabetean. Ez neukan presarik: 46 urte neramatzan igeri egiten jakin gabe. Bada, gai naiz igerilekuko mutur batetik bestera heltzeko: nola edo hala, baina heltzeko gai naiz. Pozik nago.
Lagun handi bati idatzi nion igerilekura joaten hasi nintzenean, eta «ikusiko duzu: urak poz handiak ekarriko dizkizu!», esan zidan. Ez dakit hala izango den, baina helburuak betetzeko gai izatearen poza ekarri dit behintzat. Helburu txikiak. Begirada amets erraldoietan izan arren, txikiak besarkatzen jakin behar da: ez baitago haraino iristerik pausoak ematen hemen hasi gabe.