Udaberria hemen dago dagoeneko, eta lur metro batzuk dituen oro ari da landareen bila. Jendeak galdetu egiten du, eta askotan erantzutea zaila da. Gauzak noiz landatu edo noiz erein, haziak noiz gorde, fruituak noiz eta nola batu… dena da garrantzitsua, eta aldi berean, senez egiten dira gauza asko. Azokako mahaira hurbiltzen da jendea poltsak landarez beteta, eta galderak egiten hasten da. Urduri jartzen naiz. Nik ez dakit askorik, eta dakidanaren zati handi bat senez ikasi zutenek jasotakoa da. Lehengoan esan zidan batek eskerrak Jakoba Errekondo etorri den, ze gure gurasoek eta aitona-amonek ez omen dute jakin gauzak esplikatzen. Su hartu nuen. Nik asko maite eta miresten dut Jakoba, baina uste dut badugula ulertzeko adina, gauza batzuek ez dutela azalpen zientifikorik. Baratzean arorik ez badago, ezin da ezer egin, baina ez dago Errekondorik aroaren azalpen zehatza emango duenik. Entzun eta bizi izan dugunok, ordea, ederto dakigu noiz dagoen eta noiz ez dagoen.
Nik ulertzen dut norbere uzta biltzearen poza handia dela, baina familian sukaldariak izan ditugunok badakigu zein errezeta zehatz gutxi jaso dugun. Eta hala ere, gai gara kroketa edo arroz esne goxoak egiteko. Lurrarekin ere berdin: entzun ari direnei eta entzun lurrari. Esplikatu ezin diren gauzak ulertzeak lasaitasuna eta ahala ekartzen ditu.