Azkenaldian askotan joaten gara aitarekin medikuarenera. Bere garaiko gizon eta emakume askok duten akats bera du: ordu erdi lehenago egon behar du kontsultan. Garaiz ez bagabiltza urduri jartzen da, eta beretzat garaiz ibiltzea ordua baino lehen han egotea da. Han: ospitalean, herriko kontsultategian, ondoko herriko anbulatorioan... beti gabiltza eztabaidan harekin, baina askotan irabazi egiten digu. Azkenengoz ospitalean egon ginenean 20 minutu lehenago eseri ginen itxarongelan eta emana zioten orduan atera egin ginen ospitaletik. «Ikusten duzu!», esan zidan: «Garaiz ibiliz gero, lehenago libratzeko aukera dago». Pozik esango niokeen, 20 minutu haiek etxean egonda ere, berdin libratuko ginatekeela azkar: ez zen kontsulta konplikatua. Zertarako, ordea? Arrazoia onartu nion. Gu, hiru ahizpok, justu ibiltzen gara beti eta ondo dago berak ere tarteka arrazoia izatea.
Azkenengoan ez zaio berdina gertatu. 20 minutu lehenago eseri da itxarongelan eta ordua baino askoz beranduago artatu dute. Ordu 2 egin ditu zain, eta 3 ordu eta erdira atera da ospitaletik. Ahizpari galdetu diot ea asko haserretu den, eta ez. Etxerako bidean, hori bai, ardoa eta pintxoa hartu dituzte. Aitak ordaindu du. Arrazoia izan edo ez ardoa eta pintxoa beti ordaintzen ditu berak. Pentsatzen dut horiek direla aitaren irakaspenak.