Aurrera egiten ez duten salaketez beteta imajinatzen ditut epaitegietako artxiboak. Artxibatzen dituzte bortxaketa kasuak, jazarpen kasuak eta goitik behera egindako eraso sistematikoak. Frogarik eta salaketa ofizialik ez dagoela esaten digute. Ez baitu balio lan egiten duzun enpresan edo erakundean jarritako salaketak, adibidez: «behar den lekura» joan behar duzu. Horrek zerbaitetarako balio balu bezala! Batzuek pentsatuko dute frogarik eta salaketarik ez badago ez dela hainbesterako izango gertatu dena. Bizitzak irakatsi digu, ordea, justizia sistemak labirinto handiegia antolatzen duela indarkeria matxista kasuetarako. Badira justizia sisteman eta polizia etxeetan izenik ere ez daukaten indarkeria motak, eta ez dute ahaleginik egiten horiek kokatu eta sinisteko. Lekutik ateratako gauzak kontatzen ari garela aurpegiratzen digute aurpegiratu gabe. Eraso egiten digutenek badakite. Badakite zerk daukan izena eta zerk ez.
Ez baitzait inoiz ahaztuko nola esan zion tipo batek lagun bati: «Ez dut deliturik egin, begira baino ez naiz egon». Eta hala jarraitu zion bolada luze samar batez pentsatu ere egin ezin daitekeen lekuetaraino. Askotan pentsatzen dut justizia sistema dela begira dagoena, ea indarkeria sistemiko eta sistematiko hau bere kabuz amaitzen den, edo ea emakumeok nazkatu eta isildu egiten garen.

