Ez da halako argazkiak ikusten ditugun lehen aldia: neska txiki bat ageri da arma handi baten ikusmiran begia jarrita jolasean. Loiolako kuarteleko ate irekien egunekoa da. Gipuzkoan asko saltzen den egunkari batek argitaratu du. Harrigarria iruditzen zait nola jendea ez den erabat eskandalizatzen. Polizia gu zaintzeko sortu zela sinistea ondo dago, baina hortik kuartel militarra jendeari ireki eta egun horretako argazkiak publikatzera zati bat dago. Hortik aurrera, bistakoa da ez dela kasualitatea argazkietan umeak agertzea. Armei, militarrei xalotasuna eransten die.
Inor ez da larritzen estatuak bere armak erakusten baditu. Guztiok dakigu badituela. Onartu eta suposatu egiten diogu edozein gobernuri indarkeria erabiltzeko eskubidea. Poliziaren indarkeria politikoki esplikatzeko hitzak aurkitzea ez da hain zaila. Ez dugu haien indarkeria zalantzan jartzen; gehienetan haien indarkeriaren proportzioaz eztabaidatzen dugu. Haiek, behar denean, indarkeria erabiltzeko daude. Orduak pasatuko genituzke, ordea, beharrezkotasun hori norentzat den orain eta norentzat izan behar lukeen gero. Ez bagara guztiok egoera beren aurrean estutzen, ez baitigute guztioi gauza berdinek beldurra ematen. Niri, pertsonalki, poliziak berak ematen dit beldurra. Egiten dutena zein gorrotorekin egiten duten ikusteak barrua estutzen dit.