Dirua aurrezteaz ari ginen. Bizitzak nahi gabe jarri izan nauen leku horietako bat zen, eta hizketan ari ginenok pribilegiatuak ginen. Hilabete amaierara arnasa estutu gabe iristen garen herritar arruntak ginen laurok. Ekonomiaz jakitearen garrantzia azpimarratu zuten bik. Ezin diet arrazoirik kendu. Bankura joaten naizenero mozolo hutsa sentitzen naizen honek, neure ardura onartu eta zerbait irakurri beharko nuke agian. Edozelan ere, gure lau txakur txikiekin dirua egiten ari diren entitate handiei ez litzaieke hainbeste kosta behar gure diruarekin egiten ari direna esplikatzea. Ez da asko eskatzea. Are gehiago, dirua behar duzunean bizkarra ematen dizutela badakizunean.
Dirua aurreztearen garrantziaz eta hipotekez, interes tasez edo pentsio funtsez hitz egiten dugu hilabete amaierara heltzeko larri dabilen jendearen aurrean, hedabide publikoetan. Gure ondoan hilabete amaierara justu heltzen den jendea dago, berogailua pizteko bi aldiz pentsatu behar duena, goizero lanera joan arren etxebizitza erosteko aukerarik ez duena, elikagai onak erostea luxu bihurtu zaiona… Agian, fokua aldatu egin beharko genuke, eta bankuak esan omen dionaz kexatzeko moduan dagoena pribilegiatuen zakuan sartu. Arrakalak gero eta handiagoak diren gizartean gehien dutenek gehien ordaintzeaz, zerbitzu publiko faltaz… hitz egin beharko genuke.