Heriotza zigorra palestinarrentzat. Israelen azken kapritxoa izan da. Argi esan du proposamena egin duen ministroak: preso palestinarrei patiora ateratzeko eskubidea kendu zien, bisitak jasotzekoa eta ikastekoa ere bai. Orain bizirik egoteko eskubidea ere kendu egin nahi die. Edozer egiten dute israeldarrek eta munduak beste aldera begiratzen du. Iranekin xextran hasi diren arte, inor ez da larritu. Orain nola Iranek arma nuklearrak ba omen dituen, eta Trumpek zibilizazio bat amaitu dezakeela esan duen, denak larritu dira. Palestinan, ordea, urte askoan ari dira herri bat hiltzen. Ez dakit zer egin dezakegun herritar arruntok Palestinaren alde. Ez dakit boikota nahikoa den, baina benetan, sionistek ematen didaten nazka handia da. Lasaitzen nau pentsatzeak ez direla nire bidean gurutzatuko sekula, baina badakit ez dela horrela. Europan bizi diren judu familia bat baino gehiago dira sionistak. Gurean ere badira. Giza eskubideez-eta hitz egiten dute, baina Israelen izatea onartzen dute eta hitz lurtarragoekin bada ere, Jainkoak haientzat gordetako lurra huraxe dela sinisten dute.
Agian haietako bakoitzari galdetu behar genioke heriotza zigorraz, genozidioaz, Argentinan eraiki nahi duten Israel berriaz… zer iritzi duten. Sarritan pentsatzen dut erantzunaren beldur garelako gelditzen garela galdetu gabe.