Gernikako azoka bisitatzera etortzen den jendea badago oraindik. Guk, edo nik behintzat bai, esaten diegu asko bajatuta dagoela kontua. Arraro egiten zaie gugandik hori entzutea. Egia da astelehen goiz buruzuria izateko, jendea ibiltzen dela bueltaka, baina ez dauka garai batekoarekin zerikusirik. Mahai hutsak asko ugaritu dira azken urteetan, eta inori ez zaio burutik pasatu azoka berriro antolatzerik: zenbat garen ikusi, nola kokatu pentsatu... han gaude: betiko lekuetan. Ilara osoan bakarrik edo ia bakarrik geratu garenak asko gara, baina mahai hutsak ere astelehenero muntatzen dizkigute. Zertarako? Inork ez dakigu. Badaezpada, akaso.
Egia da azoka ez dela izan zena, baina oraindik bada. Pentsatzen dut den artean eman behar diogula bizia: ez dagoenean zaila izango da berriro sortzea. Batzuetan pentsatzen dut astelehen batez jai hartu behar genukeela guztiok. Agian horrek hutsune bat sortuko luke nonbait. Beste batzuetan, ordea, halakorik ez egitea hobe dela iruditzen zait. Izan ere, badaude erakundeak, herritarrak, komertzioak guk alde egiteko momentua itxaroten ari direnak. Azken baserritarrak bizkarra ematen duenerako egingo lukete azokan zin egin dizkiguten gauza guztien kontrako zerbait. Eta momentuz ez diegu plazer hori eman nahi. Bajatuta bada ere, azoka mantendu egin nahi dugu. Eta ez gara lau zoro bakarrik.