Handiak su etenaz hitz egiten duenean txikiak dar-dar egiten du. Handiak nahi duena txikiaren errendizioa izaten baita gehienetan. Israelek Israel izateko lurra behar du, eta horretarako traba egiten diote palestinarrek. Izan ere, Israelek nahi duen lurra haiena da, eta haiek han dauden bitartean, bistakoa da kolonizazioa. Urte biko etengabeko bonbardaketen ondoren, genozidioa ia erabat gauzatu ondoren, su etena iragarri zuten. Jendea poztu egin zen, errudun sentitzen garen europar zuriok erlaxatzen hasi ginen, baina geure buruarekin zintzoak bagara su etenik ez dagoela aitortuko dugu. Ez aldebikorik behintzat. Berriak kontrajarriak dira. Su etenaren ez dakit zenbatgarren eguna dela esaten digute, bahituak askatzen ari direla alde biak, baina notizia bi beherago irakurtzen dugu nola ari diren Israelgo soldaduak palestinarrentzako behar lukeen giza laguntza salgai jartzen. Eta irakurri dugu Israelek entregatu dituen gorpuek tortura zantzuak dituztela, organoen lapurreta egin izanaren arrastoak nabarmenak direla. Eta munduak lasai jarraitzen du, ustezko su etenari so.
Jule Goikoetxeari entzun nion lehen aldiz bakea ez dela existitzen, baina patriarkatua baietz. Bistan dago hala dela: bakea ez da existitzen, baina kolonialistak, genozidak, faxistak, kapitalismoa eta heteropatriarkatua bai. Horren aurka gaudenontzat ez dago su etenik.