Badut lagun bat esaten didana bizitzak ez duela jendea dagokion lekuan jartzen: «Ez da egia denborak merezi dutena emango diela». Arrazoi du. Askotan saiatu naiz kontrakoa pentsatzen, baina arrazoi du. Nerabezaroan barre egiten diguten lodiak ez gara bat-batean argaltzen 30 urterekin, eta guri barre egin digutenak ez dira menopausiarekin loditzen. Umetan materialki justu ibili direnak ez dira aberatsak izaten zahartzaroan, eta umetan gura duten guztia izan dutenak ez dira arruinatzen 50 urterekin. Oraindik 20 urte genituenean gure erreferente militantea ziren haiek, boterearen erotika hutsagatik inguruko neskekin behetik gorako harremanak eraikitzen zituztenak ez dira damutu. Gaztetan edozeri emanda eta mugan ibili den jende guztiak ez du zahartzaroan osasun txarra izaten; aitzitik, bizitza guztian txarretik zaindu direnak minbiziz hiltzen dira besteen berdin-berdin. Ipurdi bistan utzi zintuen lankideak beste bat utziko du berdin datorren urtean, eta iaz ere egin zion gauza bera zuk dakizun bati. Ez zaio ezer gertatu, eta agian ez zaio ezer gertatuko. Bere burua luzitzeko zapaldu zintuenak horrela funtzionatu du bizitza guztian, eta beti aurkitzen du zapaltzeko norbait.
Denborak ez dizu inoren burua bandejan ekarriko (ez hartu hau literalki, mesedez). Zu zara jendearengandik hurbildu eta urrundu behar duena.