Elkarrizketa batean esan zuen egunean hiru aldiz egin behar duela berak larrutan. Behar duela, derrigor. Hiru emakume desberdinekin bada askoz hobe izaten dela gaineratu zuen. Barre egin zuten. Beste behin 3000 emakume baino gehiagorekin egon izanaz harrotu zen. Orduan ere barre egin zuten ingurukoek. Kontzertu bakoitza baino lehen larrutan egiten duela ere esan zuen; bestela ez omen zitzaizkion kontzertuak ondo ateratzen. Horri ere barre egin zioten. Pentsatzen dut halako baieztapenei barre egiten zien askok inbidia izango zutela, «hau bai hau gizona!» pentsatuko zutela. Orain jakin dugu Julio Iglesias ez dela emakume horiekin guztiekin egon, berak esan zuen bezala. Batzuk, seguruenetik asko, egotera derrigortu izan ditu. Orain inork ez du barrerik egiten.
Sutan jartzen nau hau espero zitekeela entzuten dudanean. Hain argi egon bada hau guztia, zergatik egin zaie barre gizon honen fanfarroikeria guztiei? Zergatik ez dio inork esan nahikoa dela? Zergatik ez zaio elkarrizketa baten erdian esan norbait zurekin sexua izatera behartzea ez dela larrua jotzea bortxatzea baizik? Julio Iglesias ez da gutako askoren erreferentea izango, baina adibideak balio behar digu ulertzeko ezin zaiola edozeri barre egin. Bere botere posiziotik nahi duena lortzera ohituta dagoenari ere hankak geratu egin behar dizkio norbaitek.