Dozena erdi porruren truke hiru euro eskatu zizkion bezero bati. Ez zizkion porruak erosi: «Lotsa eman behar lizuke lurrak ematen duen gauza bat hain garesti saltzeak!», erantzun zion gaztelania garbian. Baserritarra sutan jarri zen. Eta kontatu izan digun aldiro sutan jartzen da: «Esan nion lurrak ez dituela gauzak berez ematen. Lurrari eman egin behar zaiola hark guri eman diezagun!». Eta lurrari emateak lan handia esan nahi du, dedikazio handia, zaintza eta denbora. Hori ez du jendeak ikusten, ordea. Janari merkeaz hitz egiten digute: kalitatezko janaria ez omen da asko ordaindu behar. Eta neurri batean ados nago: guztiok izan behar genuke kalitatezko janaria erosteko aukera. Kontua da nola eraiki duten elikagaien katea eta nor gelditzen den diruarekin.
Gaur, San Tomas egunean baserritar jantzia estreinatzen duzuenok, txakolinez beteko zaretenok, parranda egitea beste helbururik ez duzuenok, bizitzako talorik txarrena zazpi euro ordainduko duzuenok, gogoratu: baserritarrek ez dute hiriburuetan festa erraldoiak antolatzerik behar. Baserritarrek behar dutena da ekoizten dituzten elikagaiak erosiko dituen jendearen konpromisoa, lurrari ematea eta lurretik hartzea zer diren ulertuko duen gizarte bat. Baserritarrek ez dute haiei buruz hitz egingo duen politikaririk behar. Baserritarrek hitz egiteko espazioak behar dituzte.