Azken boladan ez dut parranda handirik egin, eta inbidia ematen didate egiteko aukera dutenek. Alderantziz goaz nire parrandako lagunak eta ni. Haiek umeak zituztenean hurrengo egunik ez balego legez ibiltzen nintzen ni, eta orain haiek ari dira denbora galduaren bila ni umezain nagoen gauetan. Gaupasak egitea ez da bizitzan egin dezakegun gauzarik handiena, baina konturatu naiz bizitza etapaka doala eta bizi dugun aroaren arabera lagun batzuengana edo besteengana hurbiltzen garela. Inoiz pentsatu dut berekoiak zirela garagardo baterako sekula astirik izaten ez zutenak, eta beti jakin dut nor izango dudan hor kaka mokordo erraldoiak egiten ditudanean ere. Kontua da orain neu naizela lagun batzuengana hurbiltzea kostatzen zaiona, eta batzuetan min txiki batek hartzen nau. «Nik jasan nituen haien umeak, bada», pentsatzen dut. Ez dut behar adina arrazoi. Ni ere ez nintzen beti haienera joan haiek bakarrik sentitu zirenean ugaztun txiki baten edo biren aurrean. Hala ere pentsatzen dut denak batera umeginean hasi zirenean ulerkorragoa izan nintzela ni, orain haiek seme-alaba nerabeak dituztenean baino. Alegia, gu gauden lekutik epaitzen ditugula besteak beti. Haiek non dauden askorik erreparatu gabe. Eta orduan beti gara gu min dugunak edo egiten ari garena ondo dagoela irizten diogunak.
Begiralekua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu